Astelehen honetan eta gaur, greba eta mobilizazioak antolatu dituzte Haurresolek hainbat aldarrikapen egiteko. Nagusiki, hauexek dira egin dituzten eskaerak: «akordioak bete ditzala Partzuergoak, lan hitzarmen berria negoziatzea, langileen egonkortasuna, haurreskolen doakotasuna eta horiek hezkuntzan integratzea». Azaldu dutenez, proiektua bera zalantzan jartzen du gerentziak, «0-3ko hezkuntza etapari duen balio guztia kenduaz».
«Orain arte erabateko borondate eza erakutsi dutenez», Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek mobilizazioekin jarraitzeko deialdia egin dute. Astelehenean hiriburuetan izan ziren elkarretaratzeak; eta gaur, berriz, Gasteizen, Lakuako atarian bilduko dira.
Hernaniko Hezkuntza Plataformak bat egiten du deialdiarekin eta «erabateko atxikipena» adierazi dute. Horrekin batera, posible dutenei Gasteizera bertaratzera animatu dituzte. «Nahikoa da aldebakarreko erabakiak hartzeaz, negoziazio bidea ireki dezatela, integratu ditzatela behingoz haurreskolak Hezkuntza Sailean, euren doakotasuna ezarriz, gainontzean, arrisku bizian daude eta. Animatu eta borrokatu!».