Koronabirusaren eraginez txapelketak ia hiru hilabetez etenda egon ondoren, C.D. Hernani eta Mundarroko pelotari federatuek asteburu honetan ekin ahal izan diote berriro konpetizioari. Hernaniko pelotariek 16 partidu jokatu ahal izan dituzte. Binakako Gipuzkoako Txapelketan, azken fasea jokatzen ari diren bost bikoteetatik, lehenengo mailako seniorrek bakarrik jokatu ahal izan zuten eta Urkizuk eta Labakak 22-15 irabazi zuten Azkoitian.
Hasi berri den eskuz banakako Gipuzkoako lau t'erdiko Txapelketan, izena eman duten 15 pelotarietatik lau kadete, hiru gazte eta hiru senior aritu ziren eta lortutako emaitzen balantzea lau garaipen eta sei porrot izan zen.
Gipuzkoako trinkete-txapelketan, izena eman duten zortzi pelotarietatik hiru kadetek eta bi seniorrek jokatu zuten eta lortutako emaitzen balantzea bi garaipen eta hiru porrotekoa izan da.
Egoera epidemiologikoaren garapena ikusi behar da orain eta murrizketak zer suposatuko duen. Oraingoz federatuek jokatu dezakete, baina ez kirol eskolakoek.
Iker Salaberriak irabazi eta Aimar Olaizolak galdu
Profesional mailan Binakako Txapelketa ari dira jokatzen Aimar Olaizola eta Iker Salaberria goizuetarrak. Salaberria Promozio mailakoa ari da jokatzen eta Olaizola Lehen mailakoa.
Igandera arte biak partidurik galdu gabe zeuden, baina bolada ona amaitu zen Aimar Olaizolaren kasuan. Rezustarekin batera 22-10 galdu zuten Altuna eta Mariezkurrenaren kontra Bilboko frontoian. Mariezkurrena maila ikaragarrian aritu zen eta Olaizolak aukera gutxi izan zituen. Altunak berriz aukera asko izan zituen tantoak amaitzeko atzelarien artean egon zen aldea kontuan hartuta.
Orain sailkapenean hirugarren daude hiru garaipen eta porrot bakarrarekin.
Promozioko txapelketan gauzak hobeto irten zitzaizkion Salaberriari. Etxebarriarekin jokatzen du eta Bilboko frontoian, jaialdiko lehenengo partiduan, 22-14 irabazi zieten Larrazabal eta Eskirozi. Orain arte txapelketa ezin hobea ari dira jokatzen eta lau partiduetatik lauak irabazi dituzte. Gainera Larrazabal eta Eskirozek partidu guztiak irabazi zituzten eta bi aurrenekoen arteko partidua zen.