Bostetik bost garaipen lortu dituzte Hernaniko palistek

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 26a, 00:00

Ariane Arrietak eta Amaia Irazustabarrenak erraz irabazi zuten.

Jubeniletan Hernani 2 eta Mundarroren arteko derbian hernaniarrek 30-8 irabazi zuten Astigarragan.

Palak ere asteburu honetan ekin dio konpetizioari eta Mundarro eta Hernaniko palistek bost partidu jokatu dituzte ostiraletik igandera. Lehendabiziko partidua gainera Astigarragan izan zen Mundarro eta Hernani 2ren arteko derbian. Hernanik 30-8 irabazi zuen Gipuzkoako Txapelketari zegokion gomazko paletan jubenil mailan. 
Guztira bost partidutan aritu dira palista hernaniarrak eta bostak irabazi dituzte, asteburu oparo batean. Neska jubenilek beste bi partidu ere jokatu zituzten larunbatean, Alegiko Elorri frontoian, Intxurreren kontra. Biak erraz irabazi zituzten. Hernani 4 ordezkatzen, Querejeta eta Maciciorrek 30-8 gainditu zuten Intxurre 2 taldea. Hernani 3ren izenean Iriondo eta Minerrek, 30-16 irabazi zuten Intxurre 3ren aurka.   
Alegiko azken partiduan gomazko paleta neska nagusiak aritu ziren 2garren mailan. Hemen ere Hernani 1ek, Intxurre zuen aurkari. Garaipena erosoa izan zen hernaniarrentzat. Otaegi eta Balerdik 30-19 gainditu zituzten Karmena eta Olano. 
Anoetan, Alkartasuna frontoian, neska nagusiak lehenengo mailan 30-3 gailendu ziren Su-Berri 5en aurka. Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta  hernaniarrak jaun eta jabe izan ziren.
Bertan behera geratu zirela iragarrita zeuden beste hiru partidu COVID-19aren eraginez.  Partidu horiek atzeratu egin dira.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!