Gaurtik ezingo da herritik irten, salbuespenak salbuespen, eta gehienez lau pertsona bildu daitezke

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 00:00

Neurri berriak 20 egun iraungo du luzatzeko aukerarekin eta Hernanin ostalaritza itxiko da. Kirola ezingo da taldeetan egin.

Euskal Autonomia Erkidegoan neurriak zorroztu zituen LABIK pasa den ostiralean eta gaur sartuko dira indarrean. Ezingo da udalerritik atera, eta bilerak lau pertsonakoak izan daitezke, gehienez.

Erkidegoko udalerri guztien perimetroa itxiko da, «egoera epidemiologikoa kontuan hartu gabe», eta ezin izango da aldameneko udalerrietara joan jarduera sozioekonomikoak egiteko. Salbuespenak dekretuan ikusi daitezke https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2021/01/2100365a.pdf.

Neurriaren helburua mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea da. Horrez gain, LABIk azaldu zuen, 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten udalerrietan neurri murriztaileagoak jarriko da. Hernani, zona gorrian sartu da eta horrek eragina izango du. Gaurtik aurrera, ostalaritza eta apustu etxeak itxita egongo dira, eta ezingo da kirola egin taldean.  

Astigarragaren kasuan, ez dagoenez zona gorrian, ostalaritza irekita mantenduko da, hala ere, EAEko beste herrien antzera, ezingo dute udalerritik atera, eta bilerak lau pertsonakoak izango dira.

Udalerrietako sarrerak eta irteerak debekatzeaz gain, martxan jarraituko dute erkidegoaren eta probintzia bakoitzaren perimetroa ixteak, gaueko mugikortasuna 22:00etan mugatzeak eta jarduerak 21:00etan eteteak. Ostalaritzaren itxiera ordutegia 20: 00etan mantenduko da Astigarragan.

Aranon eta Goizuetan larunbatean sartu ziren neurri berriak indarrean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!