Hernani eta Astigarragako haurreskolek greba egingo dute bihar eta asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 24a, 00:00

Abenduan ere elkartu ziren greban.

Haurreskolen partzuergoak, hainbat greba deialdi egin ditu, urtarrila eta otsailerako. Hori horrela, greba egingo dute bihar, asteazkenean,  otsailaren 22an, 23an eta 24an: «langileen lan baldintzak eta hezkuntza proiektuaren alde».

Haurreskolako «langileen lan baldintza eta Hezkuntza proiektua defendatzeko» asmotan, Haurreskolen partzuergoak hain­bat greba deialdi egin ditu, bi hilabeteetan zehar egiteko. Bihar izango da lehen eguna, eta asteazkenean berriz bigarrena, hau da, urtarrilaren 27an. Hala iragarri zuten asteartean LABek, Steilasek eta ELAk.

Bi deialdi hauekin egin dute bat, Hernaniko eta Astigarragako haurreskolek. Gainera, urtarrileko greba deialdiez gain, Haurreskolen partzuergoak, otsai­le­rako ere hainbat deialdi egin ditu, otsailaren 22, 23 eta 24an hain justu. Eta Astigarragakoak, argi utzi du, otsaileko deialdiekin ere bat egingo dutela, «hala ere zerbitzu minimoak egongo dira».

Sei aldarrikapen edo eskaera nagusi kaleratuko dituzte

Sei aldarrikapen edo eskaera nagusi kaleratu nahi dituzte egun horietan: Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, akordioak «errespetatzea eta betetzea», lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, lanpostuak egonkortzea, Haurreskolak partzuergoko langileei ere Osakidetzak Norbera Babesteko Ekipamenduak ematea eta aurrekontua haunditzea. «Argi utzi nahi dugu jarraituko dugula urteetan Haurreskolak partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bidez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan», adierazi zuten sindikatuek ohar batean.

Hezkuntza Sailak orain arteko bileretan izandako jarrera ere salatu zuten sindikatuek, eta etorkizunaz «argi hitz egiteko» eskatu: «Haur eskolen etorkizunaren inguruan argi hitz egin dezala eskatzen diogu». Sindikatuen arabera, abenduko bi greben ostean, bilera batera deitu zituzten, eta bertan izan ziren lehenengoz Hezkuntza Saileko ordezkariak ere, baina sindikatuak zalantzati eta kezkatuta atera ziren bileratik: «Haur eskolen etorkizunaren inguruan genituen baino zalantza eta kezka gehiagorekin eta larriagoekin atera ginen».

Bilerarekin jarraituz: «Abenduaren 22ko bileran bertan Haurreskolak partzuergoaren etorkizunari buruz egindako adierazpenek izugarri kezkatzen gaituzte: besteak beste, haurreskola txikien iraupena zalantzan jarri zuten». Honela bihar mobilizazioa deitu dute Donostiako Hezkuntza Delegaritza aurrean 11:30etan eta asteazkenean  Gasteizen bilduko dira Lakua atarian ordu berean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!