EAEko udalerri guztiak ixteaz gain, zona gorrian dauden herrietan neurri murriztaileagoak ezarri ditu LABIk

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00
Hernanin, astelehenetik aurrera, tabernak itxita egongo dira eta kirola ezingo da taldean egin, besteak beste.

Atzo, Euskal Autonomia Erkidegoan neurriak zorroztu zituen LABIK, eta neurri hauek Urumea bailarako Hernani eta Astigarragari eragiten die, ezingo baita udalerritik atera, eta bilerak lau pertsonakoak izan daitezke, gehienez. 

Bilerak lau pertsonara mugatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztien perimetroa ixtea erabaki zuen atzo eguerdian Eusko Jaurlaritzak. LABI bildu ostean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri zuen, neurriak etzi sartuko direla indarrean.
Erkidegoko udalerri guztien perimetroa itxiko dute, «egoera epidemiologikoa kontuan hartu gabe», eta ezin izango da aldameneko udalerrietara joan jarduera sozioekonomikoak egiteko. 
Jakinarazi dute, «neuri horren helburua mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea dela. Izan ere, mugikortasunak pertsona bakoitza birusa garraiatzeko ibilgailu bihurtzen du».
Horrez gain, LABIk azaldu zuen, 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten udalerrietan neurri murriztaileagoak jarriko direla, «orain arte moduan, ostalaritza eta apustu etxeak itxita egongo dira eta ezingo da kirola taldean egin». 
Bilerak, toki publikoetan zein pribatuetan, lau pertsonara mugatuko dira astelehenetik aurrera. Orain arte, muga sei pertsonatan zegoen. Ostalaritzako mahaiei ere eragingo die neurri horrek. Tabernetan eta jatetxeetan ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkarrekin eseri.
Hernani zona gorrian
Hernani, zona gorrian sartu da dagoeneko, eta horrek eragina izango du. Izan ere, LABIk azaldutakoaren arabera, astelehenetik aurrera, ostalaritza eta apustu etxeak itxita egongo dira, eta ezingo da kirola egin taldean. Hortaz gain, ezingo da Hernanitik irten, «ezin delako udalerritik atera jarduera sozioekonomikoak egitera», eta bilerak lau pertsonakoak izan daitezke, gehienez. 
Astigarragaren kasuan, ez dagoenez zona gorrian, ostalaritza irekita mantenduko da, hala ere, EAEko beste herrien antzera, ezingo dute udalerritik atera, eta bilerak lau pertsonakoak izango dira. 

Goizueta eta Aranon, neurriak indarrean gaurtik
Nafarroako Gobernuek murrizketa neurri gehiago hartu zituen aste honetan eta gaur jarriko dira indarrean. Hori horrela, gaurtik aurrera ezin izanen da kontsumitu ostatu, kafetegi eta jatetxeetako barnealdean, salbuespenak salbuespen, baina bai terrazetan. Alabaina, ostalaritza laguntzeko, bertze 10 milioi euro arteko laguntzak onartuko dituzte. Neurri berri hauek gaur sartuko dira indarrean eta, oraingoz, otsailaren 7ra bitarte iraunen dute.
Errepideko establezimendu­ak eta hoteletako jantokiak salbuespenak izanen dira.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!