«Krisi kapitalista salbatzeko pausoak ari dira ematen, eta hori kondena bat izan daiteke langileriarentzat»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00
Jon Zumalabe hernaniarra, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea.

Sortu berri dute Buruntzaldeako Kontseilu Sozialista, Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan bezala. «Nahi dugu izan langile klasearentzako tresna bat, gizarteko egiturazko gabeziei edo zapalkauntza konkretuei erantzuteko, eta bizi baldintzak hobetzeko», azaldu du Jon Zumalabe hernaniarrak.

Abenduaren 28an aurkeztu zuten Buruntzaldeako Kontseilu Sozialista, sare sozialen bitartez, irakurketa orokor bat eta aurkezpen bideo bat argitaratuta. Ez zen bakarra izan: Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan ere eman zuten Kontseilu Sozialistaren sorreraren berri, egun horretan bertan. Eta helburua, denetan berbera: «nahi dugu izan langile klasearentzako tresna bat, gizarteko egiturazko gabeziei edo zapalkuntza konkretuei erantzuteko, eta orokorrean, bizi baldintzak defendatzeko», azaldu du Jon Zumalabe hernaniarrak. Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea da bera.

Tresna horrekin, lortu nahi dute «langileriaren erreprodukziorako gaitasun politikoak garatzea, eta botere burgesa konfrontatzea», azaldu dutenez.

Eskualdeka antolatu da Kontseilu Sozialista, eta koordinaziorako harremanetan daude elkarren artean, baina ez dago Kontseilu Sozialista orokorrik: «gure asmoa da, esfera geografiko haundiago batean bildu eta antolatzea, baina horretarako baldintzak sortu behar ditugu aurrena, militante kopuruari dagokionez zein gure jarduera ezagutzera emanez. Beraz, aurrerapauso teorikoak eta programatikoak ematen ditugun heinean, erantzun ahal izango diegu erronka haundiagoei, eta esfera haundiagoetara hedatu».

 

«Belaunaldien arteko batasun ideologiko eta politikoa sustatu nahi dugu, mugimendu sozialistaren barruan»

Mugimendu sozialistan, orain arte, «gabezia bat» egon da, Zumalabek azaldu duenez: «ez ginen iristen belaunaldi guztietara, mugimendu sozialistako antolakundeek mugak dauzkatelako, adinaren arabera. Eta gabezia horri erantzuteko, belaunaldien arteko batasun ideologiko eta politikoa sustatu nahi dugu, izateko belaunaldi-arteko erakunde bat. Horrela, erantzun ahal izango diegu egiturazko auzi eta gabeziei. Mugimendu sozialistako beste antolakunde­ek osotasunari erantzuten diote, baina partzialidade batetik. Gazte Koordinadora Sozialistak gazteen problematikatik erantzuten dio osotasunari, Itaiak ge­neroaren auzitik, Ikasle Abertzaleakek hezkuntzaren auzitik... Kontseilu Sozialistak osotasunetik erantzun nahi die, egiturazko gabeziei».

«Proletarizazio prozesu bat ematen ari da, eta pobretze orokortu batean daude gure bizi baldintzak. Ohiko bilakatu dira langabezia, ERTEak eta dirulaguntza publikoekiko dependentzia»

Zentzu horretan, nabarmendu du «adinean gora» dijoazela, mugimendu sozialistaren kide izan direnak; «eta esperientzia ere hartu dugu urteekin. Garapen bat izan dugu, eta aurrerapauso bat da hau», azaldu du Zumalabek.

 

«Azkeneko urteotan, haundia da sozialismoaren aldeko apustua Euskal Herrian»

Hernaniarrak azaldu du, Kontseilu Sozialistak ez direla sortu bat-batean eta ezerezetik; joera baten ondorioz baizik: «azkeneko urteotan, krisiaren ondorioz, haundia izan da sozialismoaren aldeko apustua Euskal Herrian, eta baita problematika ezberdinak klase borrokaren ikuspegitik begiratzekoa ere. Ulertu behar dugu, gure bizitzak daudela krisi kapitalistak baldintzatuta; eta orain, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak areagotu eta azkartu egin du krisi hori. Hortaz, proletarizazio prozesu bat ematen ari da, eta pobretze orokortu batean daude gure bizi baldintzak. Ohiko bilakatu dira langabezia, ERTEak eta dirulaguntza publikoekiko dependentzia. Eta horri gehitu behar zaizkio, azkeneko hilabeteotan eman diren murrizketak, Estatuaren aldetik. Krisi kapitalista salbatzeko pauso batzuk ari dira ematen, eta hori kondena bat izan daiteke langileriarentzat, ez bagara subjektu politiko bezala eratzen. Langile klasea babesgabe aurkitzen den eremu askotan, erantzuna emateko beharra daukagu, eta behar horretatik sortu dira Kontseilu Sozialistak».

Hori horrela, politikarien ja­­rrera gaitzetsi du Kontseilu So­zialistak: «kapitalismoaren be­­rre­gituratze fase honetan, politi­kariek erakutsi duten jarrera izan da enpresak salbatzearen aldekoa, erabat. Salbatu dituzte enpresak, langileen soldatak jaitsi edota lanpostuak desagertzen ziren bitartean. Eta hori bakarrik ez, langileei murriztu diete mugitzeko zein biltzeko askatasuna. Gure sorrera prozesua asko zaildu da, gure askatasun politikoak mugatu dituztelako, ez geneukalako mugitzeko eta biltzeko eskubiderik. Eta horregatik egin dugu, bereziki, langileen antolakuntza indeendentearen alde. Ordena kapitalistatik kanpo antolatzea beharrezkoa zaigu, ideologikoki, politikoki zein antolaketa aldetik. Estatuarekiko eta burgesiarekiko guztiz dependiente gara, eta menpekotasun hori murriztu behar dugu», dio Zumalabek.

«Hasiera batean, landuko ditugu auzi antierrepresiboa eta auzi laborala»

Orain, lan lerro ezberdinak sortuko ditu Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak, langile klasea babesgabe aurkitzen den ere­muei erantzuteko: «hasiera ba­tean, aurreikusten dugu lantzea auzi antierrepresiboa eta auzi laborala, kontrol soziala haunditu egin delako. Aurrerago aurkeztuko ditugu horien lan lerroak, sare sozialetan eta hedabideetan», jakinarazi dute.

Baina aurrera begira, zabalik utzi dute aukera, beste ildo batzuk ere jorratzeko: «gerora ez dugu baztertzen auzi gehiagori heltzea», dio Zumalabek.

Edonola ere, epe ertainera «Buruntzaldeako mugimendu sozialistaren erreferentzia» bilakatu nahi du Kontseilu Sozialistak; «eta mugimendu sozialistaren beste antolakundeekin bikoiztasunak alde batera utzita, gure tesiak zabaldu».

Horretarako, formatu ezberdinak erabiliko ditu Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak: «hi­tzaldiak antolatuko ditugu, kontzentziazio ideologikorako. Mobilizazioak ere ez ditugu baz­tertzen. Eta tresna gehiago ere baliatuko ditugu, auzi horiei erantzuteko», aurreratu dute.

«Kapitalismoaren berregituratze fase honetan, politikarien jarrera da enpresak salbatzearen aldekoa, erabat. Salbatu dituzte enpresak, langileen soldatak jaitsi edota lanpostuak desagertzen ziren bitartean»

Herritarrekin eta eskualdeko eragileekin, elkarlana

Herritarren kontzientzia piztea izango da Kontseilu Sozialistaren asmoetako bat: «gure tesia zabalduko dugu datozen hilabeteotan, eta horretarako, lanketa ideologiko bat egin behar dugu. Eta burgesiaren boterea konfrontatzeko eta langileriaren bizi baldintzak hobetzeko sortuko ditugun tresnak aurkezten ditugunean, jarriko ditugu mekanismoak jendearekin lan egiteko», aurreratu dute. Hitzaldiak eta jardunaldiak aurreikusi dituzte, horien artean.

Baina herritarrekin ez ezik, eskualdeko eragileekin ere aritu nahi dute elkarlanean: «mugimendu sozialistako antolakundeak daude, batetik; eta horiekin harreman zuzena daukagu. Helburu estrategikoa konpartitzen dugu, nahiz eta bakoitzak bere esparrua jorratu, eta antolakunde independenteak izan. Eta herriko eta eskualdeko beste eragileekin, nahi ditugu harremanak sortu, koordinatu eta elkar elikatu, ahal dugun heinean», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!