Murrizketak berriz ere gogortu eginen dira etzitik Nafarroan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 21a, 00:00

Ezin izanen da ostalaritzako establezimenduen barnean kontsumitu otsailaren 7ra bitarte.

Nafarroako Gobernuek murrizketa neurri gehiago hartu zituen herenegun. Etzi, larunbatetik aurrera ezin izanen da kontsumitu ostatu, kafetegi eta jatetxeetako barnealdean, salbuespenak salbuespen, baina bai terrazetan. Alabaina, ostalaritza laguntzeko, bertze 10 milioi euro arteko laguntzak onartuko dituzte. Neurri berri hauek etzi sartuko dira indarrean eta, oraingoz, otsailaren 7ra bitarte iraunen dute.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak egin zuten agerraldia asteartean, Covid-19aren hedapena geldiaraztea helburu duten neurri berriak azaltzeko. Izan ere, Nafarroan gora egin du positiboen kopuruak. Asteartean 239 positibo atzeman zituzten, kopururik altuena azaroaren 8az geroztik, eta atzo berriz ere 200eko langara iritsi zen. Gainera, erietxeetan ere geroz eta ospitaleratu gehiago daude. Momentu honetan, Nafarroako ospitaleetako gela arruntetan 124 pertsona daude eta 16 ZIU zainketa intentsiboetako unitatean.

Errepideko establezimenduak eta hoteletako jantokiak salbuespenak
Itxiera agindutik kanpo gelditzen dira hoteletako jantokiak. Hauetan, ostatu hartuta dauden pertsonei bakarrik ematen ahalko diete janaria, betiere osasun neurriak betetzen badira eta gehienez ere 6 lagun mahaiko. Salbuetsita egonen dira ere gizarte eta osasun zentroen, eskola eta unibertsitate jantokien, enpresako jantokien eta gizarte izaerako jantokiko zerbitzuak. Salbuetsita dauden establezimenduen artean daude baita, errepideko geltokietan dauden establezimenduak (hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan) bezero gisa bidaiariak nahiz garraiolariak dituztenak, betiere, bost trailer kamioirentzako aparkalekua badute eta bazkariak edo afariak ematen badituzte.
Neurri berri hauen indarraldia etzitik otsailaren 7ra bitartekoa izanen da, biak barne, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera aldatu edo luzatu ahal izanen dira. 

10 milioi euro arteko laguntzak ostalaritzarako
Osasun arloko neurriekin batera, Nafarroako Gobernuak ostalaritza sektoreari 10 milioi euro arteko laguntza ekonomikoa emanen diola iragarri du.

LABI bihar bilduko da
EAEn LABI batzordea bihar bilduko da eta bileraren ondoren hartuko dituzte erabakiak. Bilera hiru egun aurreratu da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!