Sagardo berria pitxarretan eta botila gardenetan banatuko da mahaietara

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 20a, 00:00
Kursaaleko areto batean egin zen atzo aurkezpena.

Ez ohiko egoera bati aurre egiteko erronka eta konpromisoa hartu du sektoreak eta otsailaren 5ean irekiko den Txotx denboraldia desberdina izango da.

«Aurtengo txotx denboraldia otsailaren 5ean hasiko da ofizialki», atzo Donostiako Kursaalean Euskal Sagardoa jatorri-deituraren koordinatzaile den Unai Agirrek adierazi zuenez. Berarekin batera eman zituzten xehetasunak  Olatz Mitxelenak, Sagardoa Routeko koordinatzaileak eta Oihana Gancerainek, Euskal Sagardoa jatorri-deiturako presidenteak.

Azaldu zutenez aurtengo denboraldiko berrikuntza nagusia uzta berriko sagardoa mahaietara pitxarretan edota botila gardenetan banatuko dela da.

«Sagardo sektoreak elkarrekin egindako bidea eta lana izan da aurkeztu duguna, egoera zail honen aurrean eta muga guztien aurrean lanerako gogoa, ilusioa eta pasioa elkartuta», adierazi zuen Unai Agirrek.

 

Pitxer eta botila bakoitzak bere QR-a informazioarekin

Sagardotegi garaiak duen adierazgarri nagusia sagardo berria dastatzea da, otordu eder baten bueltan. Eta hori nola egin? Mahaian eserita. Sagardogileek  mahaira ekarriko dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txarteltxo edota azalpenarekin. Txartel bakoitzean egongo da kupelaren zenbakia, bezeroak aldiro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du, sagardotegiaren informazio gehiago jaso ahal izateko.

Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa.

 

Garai bateko kontsumitzeko modua, egungo egoera
bideratzeko

Uzta berria mahaian kontsumitzea berritzailea da, baina «aldi berean, antzinako kontsumitzeko modua berreskuratzeko pausoa. Historian zehar pitxarretan zerbitzatu izan da sagardoa gure sagardotegietan» gogorarazi zuen Agirrek.

«Aurtengo urtean, egokitu eta findu nahi izan dugu teknika hori, bezeroari ahal bezain arreta onena emateko asmotan, produktua, informazioa eta irudia zainduta» esan zuen Agirrek. Horregatik, pitxarra edo botila gardenari, sagardoaren informazioa ere jarriko zaio, kontsumitzaileak zein kupeletako eta zein sagardo mota dastatzen duen jakiteko.

 

Eserita eta mahaiko sei pertsona eta 20:00etan itxiko dira sagardotegiak

Aurtengo Sagardotegi denboraldia berezia izango da. Protokolo zehatza garatu du sagardo sektoreak, gaur egungo egoerak eragindako baldintzak modu seguruan bete eta aldi berean eskaintza erakargarri bat eskaintzeko.

Olatz Mitxelenak eman zituen xehetasunak. «Protokolo hau garatu zen lehen unetik dekretu eta arautegi berrien arabera egokituz joan gara, baina beti oinarri bera errespetatuta: Sagardoa dastatzean eta sagardotegiko esperientzian segurtasuna bermatzea».

Momentu honetan seiko taldeetan osatuta egongo dira mahaiak gehienez ere, eserita izango da, eskatutako distantziak errespetatuta eta uzta berria mahaian dastatuko da. Horretaz gain, urtarrilaren 12ko dekretuak indarrean dirauen bitartean, iluntzeko 20:00etan itxiko dira Sagardotegien ateak.

Sagardotegiak espazio zabalak dira, eta «aukera haundia ematen digute segurtasuna bermatu eta sagardotegiko esperientziaz modu erosoan gozatzeko» dio Mitxelenak.

 

«Izaera eta gorputz ederreko sagardoa»

2020a sagar urte txikia izan da Euskal Herrian kopuruz, eta izaera haundikoa edukiz. Sagardoek ere hori erakusten dute, izaera eta gorputza. Uzta oso berezia eta ona dastatu ahal izango du kontsumitzaileak Sagardotegi denboraldian, konplexutasun haundiko sagardoa, bilakaera ahalmen haundikoa.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturapean 1.200.000 litro sagardo egin dira 2020 uztan, eta horretarako 2 milioi pasa kilo sagar erabili dira. Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardotegi biltzen ditu gaur egun eta 248 sagargileren sagarra erabiltzen da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!