Aurtengoan danbor hotsak ez dira ohiko moduan entzungo, Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00
Urumea bailaran ederki gidatu zituzten danborrak ikasleek, pasa den urteko danborradan.

Egoerak galarazi egin du danborrada urtero bezala ospatzea, baina zenbait eskoletan plangintza berezia prestatu dute gaurko egunerako.

Urtarrilaren 19a berezia izaten da urtero, Urumea bailarako herrietan eta auzoetan. San Sebastian eguna ospatzeko asmotan,     danborrak eta barrilak pres­­­tatu, sukaldariaren txapela eta  zapi urdina jantzi, eta danborra gogoz jotzen dute herritarrek. Eskoletan ere egiten dute erakustaldia, eta jolastokia danbor hotsez alaitzen dute irakasleek eta ikasleek. Emanaldi bikaina izaten da urterokoa eta ikasleek emozioz bizitzen dute goiza, etxeko guztiak joaten baitira danborradarekin gozatzera. Aurten, ordea, ezberdina izango da. «Koronabirusa dela eta moldatu egin behar izan dugu eguna», azaldu du bailarako ikastoletako batek.
Orain arte eskola gehienek egin dutena da urtarrilaren 19an danborrada ospatu eta hurrengo egunean, hilaren 20an, jaieguna hartu. Hala ere, aurtengoan zenbaitek aldatu egin dute plangintza. Hain justu, koronabirusa medio, pasa den urtean bertan behera gelditu ziren emanaldi, festa eta ikuskizun asko; edo, suspenditu ez baziren ere, moldatu egin behar izan zen antolatuta zegoen hori. Hori horrela, danborradarekin gauza bera gertatu da aurten. Hernaniko Aratz Ikastetxean, esaterako, egoerak galarazita, bihar ez da jaieguna izango eta gaur ez dituzte danborrak aterako.  Bestalde, Elizatxon eta Langilen jaieguna izango da biharkoa, baina gaur ez dute danborrada ospatuko ikastolan. Astigarragari erreparatuta, egutegian egun gorria izango da biharkoa, jaieguna izango baitute Herri Eskolan. Hala ere, aurtengoan danbor hotsik ez da izango. «Agian irakasleren batek ikasgelan egingo dio erreferentzia danborradari, baina, bestelakoan, aurten ez egitea erabaki dugu».   Urtero ospatzen dute astigartarrek urtarrilaren 19a. Ikasleak dotore janzten dira kamiseta edo alkandora txuriarekin, eta zapi urdina ere janzten dute, danborra jotzeko prest. Eskuz prestatzen dute sukaldariaren txapela, eta sardeska eta koilara marrazten dizkiote. Gainera, zuzendaria ere izaten dute, eta danbor hotsak ederki gidatzen dituzte, denek erritmoa bereak jotzen dute eta Donostiako martxa. Aurten, aldiz, segurtasun eta prebentzio neurriak betetzea konplikatua izango zenez, emanaldi potoloa bertan behera uzteko erabakia hartu dute eskolakoak. Datorren urtean gogoz hartuko dute berriro ere egun hau, polita izaten baita Astigarragako ikasle eta irakasle guztientzat. 
Dena den, zenbait eskoletan plangintza bereziarekin aurrera egitea erabaki dute. Horren adibide dira Urumea Ikastola eta Ereñotzuko Txirrita Ikastetxea. «Pasa den urtetakoa egingo ez dugun arren, zertxobait antolatzea bururatu zaigu», kontatu dute arduradunek.  

Urumeako ikasleak danborra jotzen, joan den urteko urtarrilaren 19an.

«Aurten ikasgela barruan egingo dugu danborrada»
Urumea Ikatolan ederki ospatzen dute urtero urtarrilaren 19a. Jolastokia irakasleek eta ikasleek hartzen dute, eta danbor hotsei begira txundituta uzten dituzte bertaratzen diren senide guztiak. Danborrada ondo prestatzen dute eskolako entseguekin eta, beraz, ikuskizun borobila egiten dute Urumeakoek. Hori horrela, aho-zabalik geratzen dira ikusleak, ikasleak danborrak astintzen ikusten dituzten bakoitzean. Zuzendariek ere paper garrantzitsua izaten dute urtero, danborren erritmoak ondo-ondo markatzen dituzte eta.
Gaur, berriz, beste modu batera antolatu dute eguna, eta ikasgela barruan ospatuko dute danborrada. «Talde burbuilak ditugunez, gela barruan, taldeka jo eta bideoz grabatuko dugu», zehaztu dute. Ondoren, bideo muntaia egingo dute, eta maila bakoitzean egin dutela ikusi ahal izango dute Urumeako ikasleek, irakasleek eta langile guztiek. Bere aldetik, bihar ez dute jai egunik izango ikastolan.

Egoerak galarazita, Astigarragako Herri Eskolan aurten ez dute danborrada ospatuko. 

Danborra jo dute ikasgelan, Txirritako ikasleek
Ereñotzun gaurko eguna ospatu nahi izan dute, eta, horregatik, eskolako txikienek gela barruan jo dute danborra. Musika saioetan entseguak egin dituzte, eta martxa nola jo ikasi dute. Bestelakoan, bihar ez dute jairik egingo eta gaur ez dute emanaldi haundirik egingo, koronabirusak ez duelako horrelakorik egitea bermatu.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!