Bihar jokatuko dute goizuetarrek, Binakako Txapelketako partidua

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00

Ezkerretik hasita Arozena, Zelarain, Eskudero eta Zabaleta goizuetarrak. Bihar jokatuko dute bigarren mailako norgehiagoka.

Nafarroako Kluben Arteko Binakako Txapelketaren barne, goizuetarren arteko lehia izanen da bihar, eguerdiko 12:00etan. 

Egun potoloa izanen da bihar Goizuetan. Izan ere, Nafarroako Kluben Arteko Binakako Txapelketaren barne, bigarren mailan, goizuetarren arteko norgehiagoka izanen da Goizuetako frontoian. Umore Ona pilota elkarteko Ainhoa Zabaleta eta Mayi Zelarainek jokatuko dute Irati Arozenaren eta Maria Eskuderoren aurka.

Partidua bihar jokatuko da, eguerdiko 12:00etan. Dena den, Umore Onatik adierazi dutenez, koronabirusa dela eta, osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko asmotan, ate itxiekin jokatuko dute lau goizuetarrek, Nafarroako bigarren mailako partidua.

Federatuen txapelketak hasiko dira, berriro ere
Asteartean Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak jakitera eman zuenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu zuen federatuen entrenamenduak eta lehiaketak baimendu direla. Hori horrela, urtarrilaren 24an, hau da, datorren asteburuan, itzuliko da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, eta Trinketeko Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, Joko Garbiko Gipuzkoako Txapelketa eta Eskuz banaka lau terdiko Gipuzkoako txapelketa. Halaber, gobernuak ezarritako neurrien arabera, eskola kiroleko entrenamenduei ere berrekin ahal izango zaie, baina lehiaketa, hala ere, ez dago baimenduta kasu horretan.

Olaizolaren txanda, gaur
Salaberriak atzo jokatu zuen,  Etxebarriarekin batera, Elordi eta Garmendiaren aurka Binakako Promozio Txapelketako partidua, promozio mailan.  Binakako Txapelketako bi norgehiagoka jokatu ziren Zornotzan, Amorebieta IV frontoian, gaueko 22:15etan hasita. Gaur, ordea, Aimar Olaizolaren txanda da nagusi mailan. Rezustarekin batera indarrak neurtuko ditu  Agirre eta Ibai Zabalarekin. Norgehiagoka Bizkaia pilotalekuan izango da, arratsaldeko 17:15etan.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!