Ikaskuntza bitartekaritza martxan, Urumea bailaran ere

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00

Hezikidetza programa eskaini zuen 'Daiteke'-k. Argazkia: Daiteke

Astigarragako eta Hernaniko herritarrek zerbitzu hori jasotzeko aukera izango dute.

Daiteke Gizarte Aholkularitzak Beterri-Buruntzako udalerrietako herritarrei prestakuntzarako aholkularitza eta informazioa eskaintzen duen zerbitzu bat abiatu du. Tartean daude Urumea bailarako Astigarraga eta Hernani eta, beraz, bertako herritarrek zerbitzu hori jasotzeko aukera izango dute. Zehazki, zuzenduta dago Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerrietako herritar guztiei.

Ikasketa bitartekaritza zerbitzua doakoa da, eta hainbat aukera eskaintzen ditu: herritarrei bizitza osoan prestakuntza formala, ez-formala eta informala emateko aholkularitza, bitartekaritza eta informazioa. Gainera, esan bezala, Beterri-Buruntzako udalerrietako herritar guztiek erabil dezakete; adin guztietakoek, lanean daudenek, langabezian daudenek, ikasleek, eta abar.

 

Eskaintza zabala, zerbitzuak

Ikaskuntza Bitartekaritzak aukera zabala eskaintzen du. Aurkeztu dituen zerbitzuak hauexek dira: herritarrek doako eta banakako aholkularitza ematea, pertsonari laguntzeko eta aholkuak emateko (banakako prozesua); eskualdean dauden prestakuntza-ekintzen buruzko informazioa; atzerriko titulazioen homologazio-prozesuen informazioa; eta, azkenik, hainbat gaietako tailerrak.

Zerbitzua erabili ahal izateko aldez aurretik hitzordua hartu behar da beterri@daiteke.com helbidean edo 688 774 550 telefono zenbakian (dei edo WhatsApp bidez). Horrekin batera, zerbitzua eskaintzen duen bulegoa Hernanin dago, Florida Auzoko 28 zenbakian. Ordutegia da astelehenetik ostegunera, goizeko 09:00etatik 17:00etara bitartean eta ostiraletan, 09:00etatik 15:00etara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!