«Gaueko txanda duen farmazia urtero aldatzen da, baina langileak beti berberak izaten dira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00
Aroa Zipriao Etxebarriako farmazialaria, Kronikarako elkarrizketan.

Urtero egiten da gaueko txandaz arituko den farmaziaren aldaketa. Pasa den urtean Urrutiari egokitu zitzaion, eta aurten Hernaniko Etxebarria Cuevas arituko da lan horretan. 

Hernanirako, Astigarragarako eta Urnietarako zerbitzua izaten da, eta aurten Hernaniko Etxebarria farmaziak hartu dio erreleboa 2020an lan hori egin zuen Urrutiari. Izan ere, urtero aldatu egiten da gaueko txandaz arduratzen den farmazia. 2021ean Hernaniko Andre kalea 48 zenbakian dagoen Etxebarriak eskainiko du arreta hori. Aroa Zipriao, Naiara Garmendia, Aitziber Etxebarriak eta Nabila Garinek osatzen dute Cuevaseko eguneko txanda, eta gauetan, berriz, hiru langile egoten dira. Kronikarako elkarrizketan azaldu dutenez, beti berberak izaten dira gauez aritzen diren farmazialariak. Hori horrela, urtero dagokion farmazian aritzen dira lanean, eta beraiek egiten dituzte txandak.  

Zer esan nahi du gaueko txandan aritzeak? 
Gaueko zaintzak dira gaueko 22:00etatik goizeko 09:00ak bitartean egiten diren txandak. Urtero egiten da gauez aritzen den farmaziaren aldaketa, baina langileak berberak izaten dira. Hau da, lokala edo farmazia aldatzen da, baina langileak, berriz, ez. 

Aurretik ere izan duzue gaueko txandaren ardura?
Bai, hori da. Esan dizudan moduan, urtero egiten da gauez egotea egokitzen zaion farmaziaren aldaketa, eta gu ere egon gara gaueko txandan. Hala ere, duela urte batzuk izan zen hori. Gipuzkoako Sendagileen Elkarteak antolatzen ditu aldaketak eta, beraz, ez dago gure esku. Zerrenda bat egiten dute eta bertako farmaziek hurrenkera hori jarraitu behar dugu. 

Gaueko farmaziak larrialdietarako izaten direla esaten da. Horrela al da hori?
Bai. Gaueko ordutegia denez, normalean jendea orduan etortzen da, larrialdi bat dagoenean. 

Zein urgentzia mota izan behar da gaueko farmazia batera joateko?
Askotarikoak izan daitezke. Adibidez, anbulategian larrialdietan egon eta errezetaren batekin etorri daiteke herritarren bat, edo gauean ondoezik sentitzen delako eta medikuarengana joan ez delako farmaziara etortzen diren kasuak... Horrelakoak dira, gehienbat. Hala ere, parafarmazia eta horrelakoak ez dira, normalean, gaueko txandan saltzen. Alegia, biberoiak, txanpuak eta horrelako produktuen bila ez dira bezeroak etortzen gaueko zaintzan.

Hernanin urgentziako anbulategia dago. Hori positiboa da zuentzat eta bezeroentzat, ezta? 
Guk ez dugu kontakturik urgentziako anbulategiarekin, baina positiboa da, noski. Larrialdiren bat izan duten herritarrek farmaziara etorri daitezke, herrian bertan dago eta.

Orduan, zeren bila etortzen da jendea, gehienbat?
Normalean paracetamolak, sukarrarentzat botikak... Horrelakoak izaten dira. Hau da, gaizki sentitzen direlako behar dituzten beharrezko horien bila etortzen dira. 

Zenbat langile egoten dira gaueko txandan? 
Hiru emakume izaten dira, beti berberak. Beraiek aldatzen dira farmaziaz, baina langileak urtero hiru horiek izaten dira. 

Zein irizpideren arabera aukeratzen da langile bat gaueko txandan egotea ala ez?
Hori ere Gipuzkoako Sendagileen Elkarteak antolatzen duela esango nuke. Kasu honetan, hiru emakume hauek txanda hori egin nahi dutela pentsatzen dut, eta horregatik egongo dira gaueko guardietan. Beraiek joko zuten Elkartera eta gaueko zaintzak egin nahi dituztela akordatuko zuten. 

Gertatu al zaizue ezbeharren bat gauez aritu izanagatik? 
Egia esan, ez. Gauez aritzen diren farmaziak itxita egoten dira, eta edozer gauza behar duten bezeroek tinbrea jo behar dute. Gure kasuan, alboko portalean dago. Gero, tinbrea jotzean, langilea gerturatu egingo da eta zirrikitu txiki baten bitartez egiten dio kasu bezeroari. Hau da, ez da atea irekitzen. Beraz, ez, ez dugu anekdota txarrik. Gainera, gauetan jende gutxi ibiltzen da kalean eta farmaziara soilik bi edo hiru bezero etortzen dira. Hortaz, barruko lana egiten dute langileek: botikak txukundu, eskaerak egin... Denetarik. 

Zuek, beraz, eguneko txandan aritzen zarete. 
Bai. Lau langile gara, baina horietako bat orain ama izan da, eta amatasun baja hartu du. Horrez gain, aurten gaueko zaintzak gure farmaziari egitea egokitu zaionez, 24 orduz egoten da irekita. Goizeko 09:00etatik 22:00etara egoten gara goizeko txandakoak, eta 22:00etatik hurrengo eguneko 09:00etara, gauekoak. Ez dugu eguerditan ixten. 

Zer moduzko harremana duzue bezeroekin?
Oso harreman ona dugu herritarrekin. Betiko bezeroak ditugu, eta noizbehinka etortzen direnak ere izaten dira. Gertuko tratua ematen ahalegintzen gara, eta oso gustura gaude guztiekin.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!