Aurrematrikulazio kanpaina datorren astean hasiko dute, Urumea bailarako ikastetxeek ere

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00
2021-2020 ikasturteko aurrematrikulazio epea etzi irekiko da EAEn.

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 18tik 29ra arteko epea jarri du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du egutegiaren berri eman. Pasa den ikasturteko datei erreparatuz gero, otsailaren lehenengo astean hasi beharko lukete aurrematrikulazioa.

Datorren astean hasiko da 2021-2022 aurrematrikulazio kanpaina, EAEko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Eusko Jaurlaritzak adierazi du aurrematrikulazio epea izango dela urtarrilaren 18tik 29ra bitartean; alegia, guztira 11 egun izango dituzte herritarrek eskaera egiteko. Bestalde, aipatu moduan, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du argitaratu egutegi ofiziala. 

Horrekin, Urumea bailarako ikastetxeetan prest eta go­gotsu daude ikasle berriei harrera egiteko. Aukera dago izena emateko Astigarragako Herri Eskolan, eta Hernaniko Urumean, Langilen, Elizatxon eta Aratzen. Goizuetar eta aranoarrek, aldiz, Goizuetako Xalto eskola dute gertuen, eta, aipatu moduan, aurrematrikulazioa egiteko epea beranduxeago zabalduko zaie horiei. 

Aurrez aurre edo online egin daiteke aurrematrikulazioa

EAEko ikastetxeetan astelehenean hasiko dute aurrematrikulazio kanpaina. Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean (https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu/) dago informazio guztia eskuragai, eta nahi duenak bertan aurki ditzake jarraitu beharreko pauso guztiak, aurkeztu behar duten dokumentazioa, eta abar. 

Hori horrela, bi modu izango dira eskaera egiteko: internet bidezkoa, eta aurrez aurrekoa. Eskaera online egitea hautatzen dutenek, eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea urtarrilaren 18tik 29ko 24:00etara arte izango dute. Aurrez aurreko eskaerei dagokienez, urtarrilaren 18tik 29ra izango dira, baita ere. Aukeratutako lehenengo ikastetxeko idazkaritzan utzi beharko dute, hark zehaztutako ordutegian.

Horrez gain, eskatzaileek aurkeztu behar duten eskaera orrian adierazi beharko dute zein den hautatutako eskolen hurrenkera. Izan ere, eskaera bakarra aurkeztu behar bada ere, 12 ikastetxera arte aukeratu daitezke. Hori eginez gero, ikasleari ikastetxe bat esleituko diote hark paperean ezarri duen lehentasunaren arabera.

Hori guztia egiten denean, Hezkuntza sailak otsailaren 16an argitaratuko du eskatzaileen zerrenda, eta behin-behinekoa martxoaren 9an publikatuko dute. Eskuragarri egongo dira eskaera egindako ikastetxe bakoitzean eta Familien gunean https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/inicio. Gero, zerrendak argitaratzean erreklamazioak egin nahi badira, martxoaren 16ra arte egongo da zabalik horretarako epea. Gainera, eskabidean atzera egin nahi dutenek ere egun hori izango dute epemuga. Aste bat beranduago ezagutuko dira behin-betiko zerrendak, martxoaren 23an. Eta, azkenik, lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak martxoaren 26an argitaratuko dira. Horrekin batera, ikasleren batek berak hautatutako ikastetxeetan sartzeko zortea izan ez badu, irailaren 17ra arte edukiko du ikasle izateko aukera, itxarote-zerrendaren iraunaldia egun horretara arte egongo delako zabalik. 

Aurkeztu beharreko dokumentuak 
Eskaerarekin batera hainbat dokumentu aurkeztu beharko dituzte aurrematrikula egiten dutenek, nahitaez. Hori guztia aurrematrikulazio epearen barruan aurkeztu beharko da bai online egitea erabakitzen bada, bai aurrez aurre egingo bada; bestelakoan, aurrerago aurkezten saiatzen denari ez diote onartuko, eta eskaera osatu gabe geratuko da.

Aipatu moduan, Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean daude zehaztuta, baina, besteak beste, hauexek dira: familia-liburuan ikaslea azaltzen den orriaren fotokopia edo beste egiaztagiri ofiziala; familia-liburuan aita/ama azaltzen den orriaren fotokopia edo lege-tutorea izatearen ziurtagiria; familia banandua edo dibortziatua izatekotan, berezko protokoloa bete izanaren agiria: ezkontide ohiaren baimen-idazkia, ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, eta abar;  eta EAEtik kanpo ikasten duten ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria.  

Nafarroan ez dago zehaztuta datorren ikasturterako aurrematrikulaziorako egutegia.


2 eta 16 urteko ikasleentzat

Etzi hasiko da aurrematrikulazioa, eta urtarrilaren 28an amaituko da. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago; alegia, 2 urtekoen maila eta DBHko laugarren maila artekoei edo, beste era batera esanda, 2 eta 16 urte arteko ikasleentzat, hain zuzen. Hala ere, horrek ez du esan nahi dagoeneko matrikulatuta daudenek eta hizkuntza-eredu berean jarraituko dutenek eskaera aurkeztu behar dutenik. Izan ere, ikasle horien jarraipena bermatuta egongo da, baldin eta ikastetxe horretan hurrengo maila ematen bada. Beraz, kasu horietan, ez da beharrezkoa aipatutako prozesua jarraitzea. Hala ere, ikasle bat dagoeneko ikastetxe bateko urtebeteko gelan badago, ikastetxe berean bi urteko mailan ezingo du jarraitu, eskaera aurkezten ez badu; zeren eta onarpen prozesuan parte hartu behar baitu eta dagokion eskaera aurkeztu. 

Horrekin batera, DBH egiteko aukerarik ez dagoen ikastetxe batean Lehen Hezkuntzako seigarren maila egiten ari diren ikasleek ez dute eskaerarik aurkeztu behar. Edonola ere, eskaera aurkeztu beharko dute hizkuntza-eredua aldatu nahi badute, edo institutu bat baino gehiago atxikitu direla eta, bat aukeratu behar bada. Halaber, atxikitakoaz bestelako ikastetxe bat eskatzeko edo Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik DBHko lehenengo mailara igarotzean eredua aldatzeko onarpen-prozesuan parte har dezake ikasle batek, azken kasu horretan ikastetxe atxikia izan ala ez. 

Esleipenari dagokionean, ez dago ziurtatuta plaza bat esleituko zaiola eskaera egiten duen orori. Hain justu, plaza bat esleituko da baldin eta ikaslearen eskaeretako batean, gutxienez, plaza gehiago badaude bere puntuazio bera duten eskari kopurua baino. Gainera, 2 urteko mailan plazarik gabe geratzen direnek, aurrematrikulazio epea bukatuta plaza erabilgarriak dituzten ikastetxeek ikasturtea hasi arte jaso dituzten edo jasotzen ari diren eskaerei erantzun ahal izango diete.  Era berean, gaur egun ikastetxe batean matrikulatuta ez badago, Lurralde Ordezkaritzak plaza bat esleituko dio plaza ofizioz. 
Azkenik, beste edozein kontsulta egiteko harremanetan jarri daiteke Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzarekin 943 02 28 50 telefono zenbakira deituta edo huisgreg@euskadi.eus helbide elektronikora idatzita.

Bekak eta laguntzak
Hezkuntza Saileko webgunean aurki daiteke ikasle batek jaso ditzakeen beka eta laguntza gaineko informazio guztia. Hain justu, irakaskuntza doakoa bada ere, testu liburuak, jangela zerbitzua eta eskola materiala ordaindu egin behar dira. Hortaz, familiei gastu horiek ordaintzen laguntzeko, laguntza ekonomikoa emateko deialdi bat egiten da urtero: bekak. Laguntzak ematen dira testu liburuetarako eta eskola materialerako, eta jantokirako. Azken horren ordainketa egingo da, soilik zerbitzu hori erabiltzen bada, noski. Gainera, beharrezkoa denean, ikastetxeek aldi bereko itzulpen zerbitzua izan dezakete.

Beka horien eskaera egiteko deialdia urrian izaten da, eta informazio eta izapideak ikaslearen ikastetxean bertan egoten dira eskuragarri.  Dena dela, ikasle etorkinak ikasturtea hasita etortzen badira ikastetxera, geroago eskatu ahal izango dituzte bekak. 

Nafarroan ez dute egutegirik argitaratu, oraindik
EAEn datorren astean emango diote hasiera aurrematrikulazio kanpainari. Dena den, Nafarroako gobernuak ez du horren berri eman eta, beraz, oraindik ezin da jakin egutegi zehatza zein izango den. Aurreko ikasturteko datei erreparatuz gero, otsailaren 3tik 7ra artean egin zuten prozesua; ondorioz, hori erreferentziatzat hartuz gero, bi aste barru izango litzateke horretarako lehen eguna. 

Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, pasa den ikasturtean derrigorrez eman behar ziren batzuk ezarri zituzten: alde batetik, mota bateko eskabide orria hiru urteko umeentzat, eta beste mota batekoa, gainerako umeentzat; beste batetik, familia-liburuaren, pasaportearen edo jaiotza-agiriaren kopia; eta, azkenik, ​ erroldatze-ziurtagiria. 

Bestalde, baremoko puntuazioak lortzeko, bada aurkeztu daitekeen bestelako dokumentazioa. Horietako batzuk hauexek dira: lanpostuaren ziurtagiria, desgaitasunaren ziurtagiria edo txartela, errenta-aitorpena  (balidazio-kodea duena), edota familia ugariaren dokumentazioa.​​​​​​​ ​​​​​​Halaber, desgaitasuna, gaixotasuna edo osasunarekin lotutako beste edozein egoera duten ikasleen kasuan, aurkeztu daitezke ikastetxean ezagutu behar dituzten txosten medikoak.  

Ikasturte hasiera ezberdina izan zen, Urumea bailarako ikasleentzat. 

Urumea bailaran aukera zabala dago, 2021-2022 ikasturtean aurrematrikulazioa egiteko 

Gaur egungo datuei erreparatuz, 2.357 ikasle daude Hernanin eta Ereñotzun, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Astigarragan, aldiz, 660 ikasle daude Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Eta Goizuetan, 80, DBHko 2garren mailara arte. 

Astelehen honetan hasiera emango diote EAEn 2021-2022 ikasturteko aurrematrikulazi­o kanpainari. Aurrematrikula egin ahal izango dute urtarrilaren 18tik 29ra bitartean Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek; hau da, 2 eta 16 urte bitartekoek. Nafarroan oraindik ez dute egutegia argitaratu, baina aurreko urtekoa aintzat hartuz gero, otsailaren lehenengo astean irekiko litzateke matrikula egiteko epea. 

Urumea bailarara etorrita, ikasleek ez dute toki falta izango, ikastetxeek besoak zabalik hartuko dituzte izena ematen duten herritar guztiak.

Ikasle gehiago Astigarragan, ikasturte honetan
Pasa den ikasturtean Astigarragako Herri Eskolan 633 ikasle zeuden. Aurten, berriz, kopurua handitu da eta guztira 660 herritarrek ikasten dute bertan.  Beraz, 27 ikasle gehiago egon dira 2019-2020 ikasturtean, aurrekoan baino. Jaiotze-tasa altuagoa izan zen eta, ondorioz, ikasle gehiagok egin zuten matrikulazioa Astigarragako eskolan. 

Zehatzak izateko, 304 ikasle daude gaur egun Haur Hezkuntzan eta 356, berriz, Lehen Hezkuntzan. 2 urtekoen gelan 65 ikasle daude; 3 urteko gelan, berriz, 92; 4 urtekoenean 79 ume daude; eta, azkenik, 5 urtekoen gelan 68 ikasle daude. Lehen Hezkuntzari dagokionez, lehenengo mailatik seigarrenera, hurrenez hurren,  hauxe da ikasle kopurua: 65, 66, 68, 54, 61, 68. 

Datuak onak dira 2021-2022 ikasturterako ere. Izan ere, 2019an 98 haur jaio ziren herrian eta, beraz,  ez dute arazorik izango datorren urtean bi urtekoen gelan sartzeko. 

Denera 2.357 ikasle,  Hernanin eta Ereñotzun
Hernanin eta Ereñotzun ez da toki arazorik izango Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazioa egiteko. Izan ere, Hernanin bertan, 3 ikastetxe publiko daude Haur eta Lehen Hezkuntzarako: Elizatxo, Langile eta Urumea. Halaber, DBH egiteko, Hernani BHI Institutua daukate aukera. Bere aldetik, ikastetxe kontzertatua ere badago, ikasturte honetan izena aldatu duena: Aratz Ikastetxea. Aukera zabala dute bertan, Haur Hezkuntzatik hasita DBHra arteko eskaintzarekin. 

Hori horrela, denera 2.357 ikasle daude gaur egun Hernanin, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Banaketa eginez gero, datuak hauexek dira: HHn 603 ume daude; LHn,  1.086: eta DBHn, berriz, denera 668 ikasle daude. Gainera, pasa den ikasturteko kopuruekin alderatuta, aurtengoan ikasle gehiago daude Haur Hezkuntzan (10) eta gutxiago, berriz, DBHn eta LHn: 43  eta 9, hurrenez hurren.

Ereñotzuko erroldari erreparatuta, 2019an 4 ume jaio ziren, pasa den urtean baino bat gutxiago. Urtero moduan, Txirrita ikastetxeko ikasleek, irakasleek eta gainerako langileek pozik hartuko lituzkete. Gaur egun 8 ume daude 2-3 urtekoen gelan; 4-5 urtekoenean, 11. Horrez gain, Lehen Hezkuntzari dagokionez, lehenengo eta bigarren mailako gelan 15 ume daude; hirugarren eta laugarrenekoan, 16; eta, azkenik, bosgarren eta seigarrenekoan, 21. Laburbilduz, beraz, HHn 19 ikasle daude eta LHn, 53; guztira, 72 dira. 

7 ikasle gehiago aurten, Goizuetako Xalto eskolan 
Pasa den ikasturteko datuekin alderatuta, aurtengoan 7 ikasle gehiago daude Xalto eskolan. Guztira 80 haurrek eta gazteek ikasten dute bertan: 3 urtekoen gelan, 7 ikasle dira; 4 urtekoenean, 9; 5 urtekoenean, 7; LH1en, 4; LH2n, 9; LH3n, 8; LH4n, 7; LH5en, 9; LH6n, 6; DBHko aurreneko mailan 7 ikasle daude eta bigarrenean, beste 7.  

Aranoarrek eta goizuetarrek Goizuetako Xalto eskola dute gertuen, ikasketak egiteko. Duela bi urte 3 ikasle gehiago zeuden bertan eta aurten, berriz, aipatu moduan, 7 herritar gehiagok eman dute izena Xalton. Dena den, 2021-2022 ikasturterako adi egon beharko dute aranoarrek eta goizuetarrek, Nafarroan oraindik ez dutelako aurreikusi aurrematrikulazio kanpaina noiz hasiko den. 

Ate irekiak, zentro guztietan  
Datorren ikasturterako zein ikastetxe aukeratu ez badakite, ikasleek eta interesa duen orok aukera izango du Urumea bailarako hezkuntza-zentroetako ate irekietara joateko. Bertan,  metodologiaren eta, oro har, ikastetxearen gaineko informazioa jasoko dute; eta, gainera, edozein zalantzak argitzeko aukera ere egongo da saio horietan. Beraz, komenigarria da, oraindik erabakia hartuta ez badago, ikastetxeek antolatu dituzten jardunaldietara joatea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!