Artikulu honekin, hasiera emango zaio Udalbiltzak sustatzen duen Lurgida APP turistikoaren inguruan idatziko den artikulu sortari. Bertan, hilero, Astigarragako ingurumarietan aurki daitezkeen puntu edota ibilbide aipagarriak gomendatuko dira.
Udalbiltzak 2020ko ekainean eman zuen argitara Lurgida proiektua. Lurgida Euskal Herriko gida turistikoa da, eta gure herriaren ezagutza sakona eta turismo jasangarria bultzatzea du xede mugikorreko APP moduan aurkezten den tresna honek. Honenbestez, “Mapa”, “Herriak”, “Etxaldeak”, “Ondarea” eta “Ibilbideak” atalen bitartez, txoko eta egitasmo nahiz ospakizun ezberdinak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera ematen du eta era berean, Euskal Herria herri bezala aurkeztuko zaie kanpoko bisitariei.
Ildo beretik, turismo jasangarria eta lehen sektorea uztartzea ere bada Lurgidaren helburuetariko bat; horretarako, furgoneta eta autokarabanak gogo onez jasotzen dituzten hainbat etxaldeetako informazioa eskaintzen du eta, trukean, gonbidatuek tokiko produktuak ezagutzeko eta zuzenean erosteko aukera izango dute.
Lurgidaren “Herriak” eta “Ibilbideak” ataletan Astigarraga eta inguruetako informazio ugari aurki daiteke. Sagardogintza, aisialdia eta turismo jasangarria ardatz hartuta, beraz, Astigarragak eskaintzen dituen baliabide ugariak eta hainbat zertzelada historiko azalduko dira hilean behin argitaratuko diren artikulu hauetan. Bitartean, Lurgida APP-ean edo lurgida.eus webgunean sartu eta bertako informazioaz blaitzea gomendatzen dizuegu.
ASTIGARRAGAKO UDALAK BABESTUTAKO ATALA
