UDALBILTZA

'Geuretik sortuak' artistentzako beka deialdia, zabalik

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00

Zinegile, antzerki konpainia eta idazleei zuzendutako deialdi hau otsailaren 5era bitarte egongo da zabalik. 

Udalbiltzak abenduaren 2an Durangoko Plateruenea antzokian aurkeztutako Geuretik sortuak kultur proiektuak eman ditu bere lehen pasuak. Izan ere, zinemagintza, literatura eta antzerkigintzan aritzen diren euskal artistei zuzendutako beka deialdia zabaldu berri du, eta otsailaren 5era arte iraungo du izen emateko epeak. 

Beka deialdia
Ireki berri den beka deialdiak honakoan datza: hautatuak diren artistek, euren bizilekua ez den herri batean 3 astera bitarteko egonaldia egingo dute, bertan, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko. Lanaren sormen, garapen eta ekoizpenaz gain, «beka honek ostera etorriko den hedapen fasean artistek egingo dituzten aurkezpenen ordainsaria ere eskainiko du». 
Berezitasun batzuk ditu deialdi honek, horien artean, proiektuan parte hartuko duten herrien zerrenda gaurkotua ez dela aipatuko, adibidez. Deialdira aurkezten diren artistek, eurek garatu nahiko lukete proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, «baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duten beste dokumentu bat ere». Herri bakoitzari hobekien dagokion artista eta proposamena esleituko zaio, behin deialdia amaitzen denean. 
Beka deialdi honek honakoa finantzatuko du: 10-15 ipuinen sormen prozesua; 3-5 antzezlanen sormen prozesua; 3-5 film laburren sormen prozesua; hautatuak diren 22-25 artisten hiru astera bitarteko egonaldiak «ostatua, garraioa eta dietak ere ordainduko dira, udalen edo Udalbiltzaren eskutik, kasuak kasu»; eta 22-25 artista horien obren aurkezpen emanaldiak proiektuan parte hartuko duten herri guztietan. 
Sormen lanak amaituta entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artista horiek: ipuinen kasuan, 2021eko irailaren 17a; film laburren kasuan 2021eko azaroaren 26a, eta antzezlanaren kasuan, 2022ko urriaren 28a. 
2021garren urteko udaberrian, bigarren deialdia
2021eko udaberrian bigarren deialdi bat irekiko da honakoak hautatzeko: ipuin guztiak bilduma batean argitaratuko dituen argitaletxea; antzezlanak mugitu eta egokituko dituen teknikoa; eta film labur guztiak film luze batean muntatu eta ekoitziko dituen muntatzailea.

Euskal Herria euskarazko kulturaren bidez saretu 
Helburu argia du Udalbiltzak bere jardueran, «alor ezberdinetako egitasmoak sustatuz Euskal Herria saretzea, herrigintza beti ipar-orratz. Hainbat urtez, herrien arteko elkarlan eta harremanak sendotzera bideratuta dauden proiektuak garatu ditu ekonomia sozial eraldatzailea, ikerketa edota teknologia burujabetza bezalako alorretan». 

Deialdia eta izen ematea
Deialdia eta izena emateko prozedura webguneko Gardentasuna atalean daude eskuragarri jadanik, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaz gain. Deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentuak honako helbideetara bidali ahal izango dira; posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, eta posta elektronikoz: udalbiltza@udalbiltza.eus. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!