Neurriak zertxobait zorroztu dituzte, egoera epidemiologikoa «kezkagarria» delako

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00
C.D.H.-ko futbolari bat PCR proba egiten, Zubipen. Bi astetik behin egin beharko dituzte probak, Liga Nazionaleko jokalariek.

Bihar sartuko dira indarrean, gaueko 00:00etan, Gotzone Sagarduik atzo helarazi zituen neurriak. 

Gabonetako egunen ostean koronabirusaren kasuek gora egin dutela ondorioztatu zuen atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eguerdian emandako prentsaurrekoan. Hori horrela, abenduaren 10etik indarrean zeuden neurriak zorroztu egingo dituztela helarazi zuen, egoera epidemiologikoa «kezkagarria» delako. Labiren batzorde teknikoak egindako proposamenak kontuan hartu ditu gobernuak, eta horren baitan zehaztu zituzten neurriak. 

Hala ere, orain arteko neurrien parekoak izango dira datozen asteetarako zehaztu dituztenak. Aldaketa nagusia da probintzien arteko joan-etorriak berriro mugatuko dituztela, eta beraz, ezingo da probintzia batetik bestera joan. Horrez gain, eremu gorrian dauden udalerriak itxiko dituzte, eta ezingo da horietan sartu edo irten, «ezinbestekoak ez diren jardueretarako» izan ezik. Hori horrela, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gorakoa den herrietan konfinamendu perimetrala ezarri dute. Urumea bailarako herriak ez dute momentuz horrelako kopururik eta, beraz, udalerri horietako biztanleek alboko udalerrietara joateko aukera izaten jarraituko dute. Eremu gorrira sartuz gero, aldiz, hori debekatuta izango lukete eta kirol jarduerak ere etenda geratuko lirateke. Halaber, Sagarduik azaldu zuen eremu gorriko udalerrien zerrenda astelehenetan eta ostegunetan berrikusiko duela Jaurlaritzak, astero.

Bestalde, ostalaritzari dagokionean, ez da aldaketarik egongo. Tabernek eta jatetxeek itxiera ordutegia bere horretan utziko dute eta, beraz, 20:00etan itxi beharko dute. Eremu gorrian dauden udalerriak izango dira salbuespena, aurrerantzean ere itxita egongo delako ostalaritza. Bere aldetik, etxeratze aginduak ere berdin segituko du toki guztietan; alegia, 22:00etan izango da. Horrekin batera, joko eta apustu etxeak berriro irekiko dira, ostalaritzak dituen neurri berberekin. 

Gainera, Sagarduik atzo azaldu zuenez, asteazkenetik aurrera 150 metro koadro baino gehiago duten saltokietan, edukiera %40ra murriztuko da, eta azalera hori baino txikiagoa dutenen kasuetan, aldiz, %60ra. Beraz, azalera hori duten bailarako negozioek neurri horiek aplikatu beharko dituzte aurrerantzean. 

Azkenik, intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik beherakoa den udalerrietan, hau da, Hernanin (%258,40) eta Astigarragan (%194,79), adibidez, eskola kirola baimenduko dute, baina soilik entrenamenduetarako. Gainera, entrenamenduak gehienez ere 6 laguneko taldeetan egin beharko dira, eta taldeko kideek beti berberak izan beharko dute. Sagarduik azaldu zuenez, entrenamenduak egitea erabakitzen bada ere, aldagelak ezingo dira erabili. Horrez gain,  profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak ere baimenduko dituzte. 

Datuen eguneraketa EAEn eta Nafarroan, noiz eta nola
Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak egunero argitaratzen dituzte pandemiaren eboluzioaren gaineko datuak,  larunbatetan eta igandetan izan ezik, eta Kronikak horien arabera eguneratzen ditu kopuruak. EAEri dagokionez, Osakidetzako webgunean aurkitu daitezke pandemiari buruzko datuak. Txosten epidemiologikoetan ematen dute informazioa, Euskadin koronabirusaren bilakaerari buruzko informazioa dokumentuan. Bertan agertzen dira kasu positibo berriak herrialde historikoen arabera (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) eta adin-tarteka; UCIn ospitaleratuak daudenak; edota adierazten dute zein izan den Lurralde Historiko bakoitzean intzidentzia metatua 14 eguneko 100.000 biztanleko. Horrez gain, txosten horretan agertzen dira EAEko herri guztien positiboen kopuruak, egunez egun eguneratuta.

Bestalde, aipatu beharra dago Osakidetzak astero egiten duela bildutako datuen doiketa, eta, beraz, moldaketak egoten dira positiboen kopuruan. Gainera, pandemiagatik hil direnen heriotza kopuruak ere orduan argitaratzen dituzte. Asteazkenetan edo ostegunetan egiten dituzte ajuste horiek, eta egun horretan publikatzen dute Asteko buletin epidemiologikoa dokumentua, Osakidetzako webgunean. Azkena pasa den asteko ostegunean argitaratu zuten, hilaren 7an. Ondorioz, Kronikako aleetan, ostegunetan aldaketak egon daitezke guztirako positiboen kopuruan eta Hernani edo Astigarragan dauden kasuetan.  

Nafarroari dagokionez, Osasun sailak egunero ematen du datuen berri. Kasu horretan ez da ajusterik izaten oro har, eta,  hortaz, Kronikako aleetan ere ez da moldaketarik islatzen, ez egunero agertzen diren positiboen kopuruan, ez guztirakoetan. Hori horrela, gorabehera gutxiago izaten da atal horretan. 

Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia-tasa metatua duten udalerriak itxi egingo dituzte 

Orain arteko datuak, Urumea Bailaran
Aipatu moduan, Kronikan Osakidetzako eta Nafarroako Osasun Sailak argitaratutako datu eta txosten ofizialen arabera eguneratzen ditu koronabirusari buruzko datuak. Ondorioz, Urumea bailarako herrien orain arteko informazioa du eskuragarri. Hori horrela, jasotako azken datuen arabera Hernanin 1.220 kasu positibo daude, Astigarragan 288, Goizuetan 5 eta Aranon 5. Zehatzagoak izateko, Astigarragan hilaren 9an, 10ean eta 11n izandako positiboen kopuruak dira 1, 2 eta 2, hurrenez hurren. Hernanin, berriz, 2, 2 eta 3 izan dira. Nafarroari erreparatuta, Aranon azken positiboa erregistratu zen azaroaren 10ean, eta Goizuetan, berriz, azaroaren 25ean. Azken horien eguneratzea esteka honetan aurkitu daiteke: https://gobiernoabierto--navarra--es.insuit.net/eu/open-data/datos/positivos-covid-19-por-pcr-distribuidos-por-municipio. 

UCIn ospitaleratuta dauden gaixoen kopurua ere egunero aktualizatzen dute EAEn eta Nafarroan. Esan bezala, ostiraletan eta larunbatetan ez dute eguneratzerik egiten EAEn, eta, ondorioz, astelehenetako txostenean argitaratzen dituzte egun horietako datuak. Atzoko dokumentuaren arabera, EAEn UCIn dauden gaixoak 76 dira gaur egun.  Herenegun ere datu bera izan zen, baina larunbatean 75 pertsona zeuden Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Nafarroan, aldiz, ez dute datu hori eguneratu aurreko larunbatetik, baina azkenekoz 14 pertsona zeuden UCIn.

Horrez gain, heriotza kopuruen berri ematen dute asteroko buletin horretan. Hilaren 7koari erreparatuta, orain arteko zeuden zifra 3.103koa da EAEn. Nafarroari dagokionez, aldiz, 976 hildako eragin ditu pandemiak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!