Urtea lagun artean pasatzeko eta euskararen alde erabiltzeko 3.000 euro irabazteko aukera eskainiko du Ekoguneak, Euskararen Ginkanarekin, «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiten jarraitzeko» fokua zabalduz.
Ekoguneak euskeraz eta euskerarekin dibertitzeko antolatzen duen taldekako lehiaketa da Euskararen Ginkana. Helburua herritarren artean hizkuntzarekiko «sentiberatasuna eta euskeraren erabilpena sustatzea da, hizkuntzen zein aniztasunaren jasangarritasuna eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua ezagutzera emanez».
Hori horrela, urtero, gai zehatz bat aukeratzen da eta egin beharreko probak gai horri lotutakoak izan ohi dira.
Parte hartzeko baldintzak
Lagun koadrilak, Mintza taldeak, guraso eta ikasle taldeak, Mintza koadrilak, jai batzordeak, aisialdi taldeak, euskaltegiko lagunak, tokiko enpresak, kirol taldeak, talde feministak, ekologistak... hartu dezakete parte Euskararen Ginkanan, antolatzaileek azaldu dute. 4 eta 6 lagun bitarteko lagun talde bat ere osatu daitekeela azaldu dute antolatzaileek, «hori bai, 16 urtetik gorakoak izan behar dute».
Izen ematea, hilaren 31ra arte
Izena emateko, 16 urtetik gora dituzten 4 eta 6 laguneko taldea osatu, euskararenginkana.eus webgunean sartu eta bertako galdetegia bete behar da. Hortaz gain, talde bakoitzak bideo labur bat grabatu behar du, «bi minuturen bueltakoa izango da, bertan taldearen eta sariarekin babestu nahi den proiektuaren aurkezpen txiki bat eginez». Atzo ireki zen izen emate epea, eta hilaren 31ra arte egongo da aukera hori.
«Herritarren hizkuntzarekiko sentiberatasuna eta euskeraren erabilpena sustatzea da helburua»
Asteak, probak eta sariak
Euskararen Ginkanak lau aste iraungo ditu. Otsailaren 3an emango zaio hasiera, eta martxoaren 3ra arte iraungo du. Martxoaren 20ean jokatuko da final haundia, Kutxa Ekogunean. Bertan bi aurkezlek emango dute sarien berri, hala nola, Ilaski Serrano eta Kike Amunarrizek.
Otsailean beraz, astero proba bat egingo dute parte hartzaileek. Apuntatu direnek, online ikusiko dute zer egin beharko duten, euskararenginkana.eus webgunearen bitartez, eta online bidaliko dute, behin proba eginda.
Lau sari daude jokoan, puntu gehien dituzten lau taldeak, martxoaren 20ko final haundira pasako dira, eta talde finalistek, sari bana eramango dute. Sari potoloena, 3.000 eurokoa da, «euskeraren alde egin nahi duten asmo hori burutzeko, adibidez, mendi irteera bat euskaltegiko lagunekin, euskeraren egun bat antolatu herrian, Errigorako saski pila bat erosi eta eskolan banatu...».
Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute, «sari potoloaren gutxienez %90, izena ematerakoan aurkeztutako euskeraren aldeko egitasmoa finantzatzeko» erabiliko dela.