Urruntze politikarekin amaitzeko eta gradu progresioa ezartzeko aldarria, bailara osoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 00:00
Hernaniko Lizeaga auzotik abiatu zen zutabeetako bat, patineteetan zijoazenak aurretik zirela, Atsegindegira bidean.

Sarek deituta, mobilizazioak egin zituzten larunbatean Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin, Euskal Herriko beste 235 herri eta hiritan bezala, euskal presoen eskubideen alde.

Bilboko kaleak betetzeko eguna zuten larunbatekoa, Sarek urtero egiten duen deialdiarekin, euskal presoen eskubideen alde. Baina aurtengoan, pandemiaren eraginez, Euskal Herriko herri guztietara zabaldu zuten deialdia, bakoitzak bere herriko kaleetan egin zezan aldarria. Eta 238 izan ziren, mobilizazioekin bat egin zuten herriak; horien artean, Astigarragak, Goizuetak eta Hernanik.

Arratsaldeko 17:30etan egin zuten bat herri guztietan, aurtengo mezua zabaltzeko, bi aldarri nagusirekin: urruntze po­litikarekin amaitzea «behingoz»; eta «sistematikoki ukatu izan zaien gradu progresioa» ezartzea euskal presoei.

Hernanin, ordu erdi lehenago hasi zuten mobilizazioa, hiru toki ezberdinetatik abiatu baitzen zutabe bana. Lizeagatik abiatu zen zutabean, patineteak izan ziren protagonista, irudikatzeko «hori dela motxiladun haurrek gehienez ere erabili beharko luketen garraiobidea, gurasoak espetxera bisitatzeko». Antziolatik eta Floridatik abiatu ziren beste bi zutabeak, dultzaina doinu eta guzti. Eta Atsegindegin egin zuten bat denek, ekitaldi nagusirako: txalapartariek eta Eli Pagola bertsolariak egin zioten bidea, irakurketari.

Kita Del Pare txarangak girotu zuen Astigarragako mobilizazioa, 'Lepoan hartu' abestia eskainita.

Astigarragan ere izan zuten txalaparta hotsik, eta baita bertsorik ere, Izarne Zelaia eta Agin Labururen eskutik. Eta Kita Del Pare txaranga ere batu zen, Kontxa Etxeberria plazan egin zuten ekitaldira, Etsaiak taldearen Lepoan hartu abestia jotzeko. Ondoren, herriko kaleetan barrena egin zuten manifestazioa ere girotu zuen txarangak.

Elurrarekin ere, kalera atera ziren goizuetarrak. Argazkia: Garazi Loiarte

Eta Goizuetan, Plazan elkartu ziren herritarrak, elurrari aurre eginez, mobilizazioarekin bat egin eta herriko kaleetan barrena zabaltzeko euskal presoen eskubideen aldeko aldarria.

Antolatzaileen arabera, 800 lagun inguru elkartu ziren Hernanin, eta 180tik gora Astigarragan. 50 bat herritar gerturatu ziren Goizuetan. Mobilizazioetako ar­gazki guztiak ikusgai daude jarraian:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!