Ekogunearen eskutik, bueltan da Euskararen Ginkana

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 00:00

16 urtetik gorakoentzat dago zuzenduta, eta izenematea bihartik urtarrilaren 31ra bitartean izango da.

Urtero moduan, 2021a modu dibertigarrian eta positiboan hasteko proposamen berezi bat mahai gaineratu du Ekoguneak. Lagun artean ondo pasatzeko eta euskararen alde erabiltzeko 3.000 euro irabazteko aukera luzatu du, «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiten jarraitzeko fokua zabalduz»: Euskararen Ginkana 2021. Ekoguneak euskeraz eta euskerarekin dibertitzeko antolatzen duen taldekako lehiaketa da, eta 7garren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topaguneak egingo ditu koordinazio lanak.

Helburua da «herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskeraren erabilpena sustatzea, hizkuntzen zein aniztasunaren jasangarritasuna eta hizkuntza-ekologiaren kontzeptuak ezagutzera emanez». Horretarako, urtero gai zehatz bat aukeratzen da eta egin beharreko probak gai horri buruzkoak izaten dira.

 

Parte hartu dezaketenak

Euskararen Ginkana 2021 ekimenean izena emateko beharrezkoa da 16 urtetik gora izatea. Gainera 4 edo 6 lagun elkartu beharko dira aurretik, izena emateko. Hori horrela, izan daitezke lagun koadrilak, mintza taldeak, guraso eta ikasle taldeak, Mintzakoadrilak, jai batzordeak, euskaltegiko lagunak, aisialdi taldeak, tokiko enpresak, kirol taldeak, talde feministak... hamaika aukera daude.

Bestalde, ginkanak 4 aste iraungo ditu, otsailaren 3tik martxoaren 3ra arte. Martxoaren 20an izango da final haundia, Kutxa Ekogunean. Otsailean, beraz, lau proba (astero bat) izango dira, online formatuan. Online ikusiko dute zer egin behar den, www.euskararenginaka.eus webgunean, eta online bidaliko dute proba eginda.

Puntu gehien dituzten lau taldeak martxoaren 20ko finalera pasako dira. Talde finalista denek eramango dute sari bana, alegia, 4 sari izango dira. Potoloena 3.000 eurokoa da, euskeraren alde egin nahi duten asmo hori burutzeko. Izan ere, talde irabazleak jasotako diru kopuru horren %90, gutxienez, izena ematerakoan aurkeztutako euskeraren aldeko egitasmoa finantzatzeko erabiliko du.

 

Izenematea, etzitik

Aipatu moduan, izenemate epea astelehenean zabalduko da. Horretarako, 16 urtetik gora dituzten 4-6 laguneko taldea osatu eta www.euskararenginkana.eus webgunean sartu eta bertako galdetegia bete behar da. Horrez gain, talde bakoitzak bideo labur bat grabatu behar du, bi minutu ingurukoa, taldearen eta sariarekin babestu nahi den proiektuaren aurkezpen txiki bat eginez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!