Fimo tailerra eta jolasak kiroldegian gaur, bailarako gaztelekuekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 00:00

Astigarragako eta Hernaniko gaztelekuek plangintza zabala antolatu dute hilabete honetarako, eta gaur hainbat ekintza izango dira.

Urtea ederki hasi dute Urumea bailarako gaztelekuko kideek. Gabonetako ekintzez gain, urtarrilerako ere egitarau potoloa prestatu dute Astigarragan eta Hernanin. Atzo txapa tailerra egin zuten hernaniarrek eta gaur, berriz, jolasak egingo dituzte. Gaztelekua berritzen ari direnez, ekintzak lokaletik kanpo egingo dituzte, eta oraingo honetan kiroldegian jarri dute hitzordua. Arratsaldeko 16:30etatik aurrera hasiko dute dinamika.

Astigarragan, berriz, fimo tailerra egingo dute, eta irudi pertsonalizatuak sortzeko aukera izango dute gazteek. Lau orduko saioa izango da, 16:30etatik 20:30etara bitartean. Prestatu dituzten gainerako ekintzetarako moduan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

 

Bihar, topagunea eta pokerra

Aipatu moduan, hilabete osorako zeregina izango dute gazteek Astigarragako eta Hernaniko gaztelekuekin. Bihar topagunea izango dute hernaniarrek, Plaza Feministan.  Astigartarrek, berriz, poker karta-jokoan jolasteko aukera izango dute. Gainera, datorren astetarako ere hamaika dinamika prestatu dituzte. Ikusgai daude beraien sare sozialetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!