Euskal presoen eskubideen alde, mobilizazioak izango dira gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 00:00

Sarek antolatuta, Astigarragan eta Goizuetan 17:30etan hasiko dira eta Hernanin, 17:00etan.

Bilbon egiten dute urtero, Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa. Milaka herritar batzen dira bertan,  presoen senideak eta lagunak tarteko, eta arratsalde oso bat egiten dute. Aurten, ordea, egoerak galarazi egin du hori horrela izatea, eta, beraz, pilaketak saihesteko, beste modu batera antolatu dute elkarretaratzea. Urumea Bailarari dagokionez,  mobilizazioak egingo dituzte Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin. Arratsaldeko 17:00etan eta 17:30etan izango dira, eta herritar guztiei luzatu diete deialdia bertaratzeko. «Bilbon urtero preso eta iheslarien etxeratze prozesuaren eta elkarbizitza eta bakearen alde batu garen guztiak, BIDEA GARA lelopean kalera irtengo gara».

Astigartarrek Kontxa Etxeberria plazan dute hitzordua, Erribera kulturgunearen aurrealdean. Bertan izango dira Agin Laburu eta Izarne Zelaia bertsolariak, eta arratsaldeak askorako emango du. Izan ere, KDP txarangak ekitaldia girotuko du, eta beste hainbat sorpresa ere izango dira, arduradunek aurreratu dutenez. Gero, bertsolarien eta txarangaren emanaldia amaitzean, manifestazioa egingo dute, Joseba Barandiaran plazan amaituta.

Hernanin, ordu erdi lehenago

Goizuetan eta Astigarragan 17:30­etan hasiko badira ere, Hernanin 17:00etan jarri dute hitzordua. Herriko hiru tokitatik abiatuko dira: zutabe urdina Antziolako errotondatik hasiko da; zutabe berdea, Floridako errotondatik; eta zutabe gorria, berriz, Paradorearen gaineko bidegurutzetik (hilerria eta institutuaren arteko bidegurutzetik). Ondoren, hiru zutabeek Atsegindegin egingo dute bat, eta bertan izango da ekitaldi nagusia, arratsaldeko 17:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!