Jubiloteka

Bueltan da Arano eta Goizuetan, Jubiloteka

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 00:00
Goizuetan, Ainhoa Ansa dinamizatzailearekin, Jubilotekaz gozatzen herriko helduak.

Gabonetako oporraldiaren ostean, berriro ere martxan da Jubiloteka. Datorren astean emanen zaio hasiera, beraz aukera izanen dute aranoarrek zein goizuetarrek zerbitzuaz gozatzeko. Izena emateko, Gizarte Zerbitzuetan, 948 510 840 ra deituta, edo saiora bertaratuz egin daiteke.   

Gabonetako oporrak amaitzear dira Jubilotekan, izan ere, datorren astean bueltatuko da berriro ere Jubiloteka zerbitzua, Goizueta, Arano, Areso eta Leitzara. Goizuetan, astearte goizetan bilduko dira, goizeko 10:00etatik 13:00etara, eta Aranon aldiz, ostegunetan, goizeko 10:30etatik 12:30etara, ordutegi hau,  Aranoko helduek ezarritako ordutegietara egokitutakoak izan dutela azpimarratu du Jubilotekako dinamizatzaileak.

Jubilotekarekin, 65 urtetik gorakoek aukera dute elkartu eta hainbat jarduera egiteko, eta gainera Ainhoa Ansa aranoarrak hartu du dinamitzailearen lekukoa. Herri haundietan eguneko zentroak, zaharren egoitzak, eta mota askotako zerbitzuak izaten dira, eta herri txikietan «gabezia hori egon da urteetan zehar», eta mankomunitateak ematen duen Jubiloteka zerbitzu honek, herriko helduei elkarrekin egoteko aukera ematen diela azaldu du Ansak. «Etxetik ateratzeko aukera ematen diegu herriko helduei, elkartzeko aukera bat, behar bada elkartuko ez den jendearekin elkartzeko aukera emanez. Batzuk mezara besterik ez dira ateratzen, eta honekin aukera dute, etxetik atera eta elkartzeko».

 

Jubilotekak geldialdia, konfinamenduan

Ansak azaldu du, pandemiak ekarritako konfinamenduan, Jubiloteka gelditu egin zutela. Hala ere, ikasturtea hasi zenean, etxez etxeko zerbitzua eskaini zuten, hau da, «Jubiloteka etxeetara gerturatzen zen, materiala banatuz helduei, ariketak ematen genizkien. Eta tarteka bisitak eginez, hauen egoera aztertzeko, beti segurtasun neurriak erabiliz».

2020ko azaroan, Goizuetan, Areson eta Aranon erabaki zuten, aurrez aurreko zerbitzuarekin hasi zezaketela. «Herri txikiak izanik, aurrez aurreko zerbitzuarekin hastea erabaki zen, ez genuelako arriskurik ikusten, Leitzan aldiz bai, herri haundiagoa delako, biztanle gehiago dituelako…». Beraz Goizueta eta Aranon, aurrez aurreko zerbitzua martxan jarri zen eta egun, horrela jarraitzen du. Maisuenean biltzen dira aranoarrak, eta Goizuetan, lehen jubilatuen elkartean egiten zuten, «baina orain udaletxeko batzar aretoan egiten da, momentuz, obrak direla eta».

Aranokoek, «osotasunean» erabaki dute aurrez aurreko Jubilotekarekin jarraitzea, aldiz Goizuetan, «batzuk ez dira animatu, eta nahiago dute etxez etxeko zerbitzuarekin jarraitu, aretoa aldatu dutelako, pandemia dela eta... Goizuetan hiru dira aurrez aurreko zerbitzuan dabiltzanak, eta gainerakoak aipatu moduan, etxez etxe nahiago izan dute».

 

Jubilotekako ariketak

Mota askotako ariketak lantzen dituzte bai Arano zein Goizuetako Jubilotekan. Ansak azaldu du gainera, gogo haundiz egiten dituztela, «memoria lantzeko ariketak egiten ditugu, hauez gain, kantak ere abesten ditugu edo bertso zaharren bat ere kantatzen dugu, asko gustatzen baitzaie». Beste batzuetan gai bat proposatzen du Ainhoak, eta gai horrekin, ariketak egiten dituzte, «eguberrietan adibidez, beraien txikitako eguberriez hitz egiten dute. Margotzea ere gustuko dute, eta hizki zopak ere egiten ditugu askotan».

Memoria lantzeaz gain, ariketa fisikoak ere eginen dituzte, «arintasuna lantzeko, fisikoki ariketak proposatzen dizkiet, beti hauen egoerara moldatutakoak noski». 

Bizi dugun pandemia dela eta, bai etxean zein aurrez aurreko zerbitzuetan, segurtasun neurriak mantentzen direla jakinarazi du Ainhoak, «maskarilak, segurtasun distantziak, gel hidroalkoholikoak...».

 

Izena emateko, aukera ezberdinak

Jubilotekan izena emateko, hainbat aukera daude, Gizarte Zerbitzuetara gerturatuz egin daiteke, 948 510 840 telefonora deituz, edo Jubiloteka saio batera bertaratuz.

Konpromisoari dagokionez, «norberak nahi duena, astero, edo noizean behin hartu daiteke parte, eta ikasturtean zehar nahi denean hasi daiteke, beraz animatu Jubilotekara!».

 

«Oso entretenigarria da Jubiloteka, denbora azkar
pasatzen zaigu, azkenean oso gustura egoten gara»

Hamaika ariketa ezberdin egiten dituzte astero Jubilotekan, eta Arantxa Berroeta goizuetarrak azaldu du, ez lukeela ariketa bat bera ere aldatuko, «elkarrekin egoteko eta entretenitzeko aitzakia polita eta dibertigarria da Jubiloteka».

Arantxa Berroeta, goizuetarrada, eta astero dauka hitzordua, Jubilotekarekin. Astearte goizetan biltzen dira, Goizuetako Udaletxeko batzar aretoan, batzuk eta beste batzuk etxez etxeko zerbitzua nahiago dute.

Arantxaren kasuan, nahiago du etxetik atera, haizeaz gozatu eta Goizuetako udaletxeko batzar aretora bertaratu, bertan Jubilotekan aritzeko.

Arantxak dio, oso entretenigarria dela, «asko disfrutatzen dut Jubilotekan, astean behin egiten da eta egun hau heltzeko gogoz egonen naiz».

Lehen, jubilatuen etxean egiten zen, baina orain obrak eta beste arrazoi batzuk medio, Udaletxean egiten da, «lekuak berdin du, gu gustura gaude, elkartzen gara eta pozik gaude, aitzakia polita da elkarrekin egoteko».

Mota askotako ariketak egiten dituzte, eta Arantxak azaldu du denak dituela gustuko, «oso interesgarriak dira egiten ditugun ariketak, bai fisikoak zein memoria lantzekoak. Ezin dut bat aukeratu, izan ere, denek daukate zerbait berezia. Asko gustatzen zaizkit hizki zopak, abestiak kantatzea... denak ditut gustuko».

Dinamizatzaile berriarekin ere «oso pozik nago, lasaitasuna ematen dit» jakinarazi du.

Bizi dugun pandemiara egokitutako elkarretaratzea izaten da jubiloteka, izan ere denek erabili behar dute maskarila, eta segurtasun distantziak ere errespetatzen dituztela argi utzi dute.

Arantxak dio, pena duela aurpegiak ez direlako ikusten, «ez ditut nire Jubiloteka kideen irribarrean ikusten», baina hala ere, dio oso pozik joaten dela saio hauetara, «ahaztu egiten naiz gainerakoaz».

 

«Oso gustura egoten gara, talde ederra osatzen dugu, gauza asko ikasten ditugu, eta burua irekitzen laguntzen du»

Ana Mari Ansa aranoarrak, argi dauka entretenitzeko modu ederra dela Jubilotekan aritzea, «niri burua irekitzen laguntzen dit, eta asko ikasten dugu». Hamaiketakoak ere egin ohi dituzte, atsedenaldietan.

Ana Mari pozik dago Jubiloterarekin, izan ere, entretenitzeko erraminta dela azaldu du «distraitzeko balio zait, oso ondo pasatzen dugu, eta horrez gain, asko ikasten dugu».

Ainhoa Ansarekin «oso ondo moldatzen direla ere jakinarazi du, aurreko dinamizatzailea ere ona zen, ez dute maila jaitsi».

Jubilotekan, helduek elkartzeko aukera izaten dute, eta askok «beharra dute». Izan ere, pandemiak eragindako osasun alarman, nahiko itzalita egon dira herri txikiak, eta «eta helduek behar genuen elkartu, haizea hartu... eta horretarako oso baliagarria izan da Jubiloteka».

Ariketa ugari egiten dituzte eta Ana Marik, margotzea du gustukoen, «mandalak egiten ditugu, eta hauek koloreztatzea maite dut». Eskulanak ere egiten dituzte, eta Ana Marik azaldu du gaztetan egin ez zituenak egiten dituela orain, Jubilotekari esker.

Ez luke Jubilotetako ezer aldatuko Ana Marik, «oso gustura aritzen gara eta ez dugu saioko ezer aldatzerik nahi».

Jubiloteka, Maisuenean egiten dute, eta ondoan, sukaldea dago, «hori aprobetxatzen dugu, eta gosariak edo hamaiketakoak egiten ditugu. Kafea hartzen dugu, pintxoak prestatzen ditugu, atsedenaldi txiki bat hartzeko asmotan».

Jubilotekak burua irekitzen laguntzen diola dio Ana Marik, «ezin dira saio hobeak egin, etxean bezala gaude, baina ikasten, margotzen, entretenitzen, elkar zaintzen eta ederki pasatzen. Niri Jubilotekak poztasun haundia ematen dit, eta ez nuke ezer aldatu nahi. Espero dut urteetan halaxe jarraitzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!