Errege eguna da gaur, eta goizean goizetik zabalduko dira irribarreak, opariekin batera, Urumea bailarako etxeetan. Horretaz arduratu baitira, gau osoan etxez etxe lanean ibilita etengabe, Errege Magoak.
Atzo arratsaldean, Goizuetan egin zuten agerraldi bakarra, Xalto eskolako frontoian. Felix Loiarterenak dira argazkiak.
Pandemia dela eta, segurtasunagatik aurten ez dira izan Hernanin, Errege egunaren bezperan. Baina goizuetarrekin bildutako indarrak, nahikoa izan dituzte bailara osoko etxeetara iristeko, hutsik egin gabe.
Gainera, dei berezi bat ere jaso zuten Hernanitik: herriko txistulariek, Erregeak datoz pieza eskaini zuten arratsaldean, etxeetako balkoietatik, Errege Magoei ongietorria emateko. Bideoa ere grabatu zuten, etxetik etxera elkarrekin joaz.