22 Kronikalari eta bazkide berri, kanpainaren aurreneko hilabetean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 6a, 00:00

Urtero egiten duen Kronikalari kanpainaren barruan, hemeroteka itxi du Kronikak abenduan: Kronikalari eta bazkideek soilik dute sarbidea.

Abenduan ekin zion Kronikak, urtero bezala, Kronikalari eta Doberako bazkide berriak egiteko kanpainari. Eta aurreneko hilabetean, 22 izan dira Kronikari eta Dobera Euskara Elkarteari bere aportazioa egin nahi izan diotenak.

Egunero doan zabaltzen du Kronikak Urumea bailarako berri, paperean zein webgunean. Baina beharrezkoak ditu herritarren ekarpenak, bere jarduna aurrera eraman ahal izateko. Egunero 4.419 ale argitaratzen dira paperean, eta webgunean 1.400 erabiltzaile inguru izan ditu egunean 2020an, aurreko urtean baino 500 gehiago (900 inguru izan ziren 2019an). Konfinamendu garaian, gainera, Kronikara are gehiago jo zuten herritarrek, informazio bila: 1.700 baino erabiltzaile gehiago izan ziren egunean, martxoan eta apirilean.

Irakurle kopuru horrekin eta bailaran 27.000 biztanle baino gehiago izanda, 539 bakarrik dira Kronikalariak eta Dobera Euskara Elkarteko bazkideak.

Horri indarra eman nahi izan dio Kronikak, Kronikalari eta bazkideak erdigunera ekarrita, eta beraiei zenbait abantaila eskainita: zozketa eta lehiaketetan sariak eskuratzeko aukera, produktu batzuetan deskontuak... Baina azkeneko hilabetean mugimendu gehien sortu duena, kronika.eus webguneko hemerotekaren itxiera izan da: orain, Kronikalari eta bazkideek soilik ikusi ditzakete Kronikak PDF formatuan.

Urtean 25 euro dira Kronikalari izatea, eta 40 euro Doberako bazkide izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!