Euskal presoen eskubideen alde, mobilizazioak larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 6a, 00:00

Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin egingo dituzte mobilizazioak, Sarek deituta, 17:30etan. Herritar guztiei luzatu diete deia, bertaratzeko.

Bilbon egiten dute urtero, Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa. Baina horren ordez, larunbat honetan 216 herritan egingo dituzte mo­bilizazio txikiagoak, aldi bere­an, arratsaldeko 17:30etan.

Urumea bailaran ere izango du oihartzuna Sareren deialdiak, Astigarragan, Goizuetan eta Hernanin egingo baitute bat.

Astigartarrek, Kontxa Etxeberria plazan jarri dute hitzordua, 17:30etan, ekitaldia egiteko. Eta ondoren, manifestazioa ere izango da, herriko kaleetan. Goizuetarrak ere, 17:30etan elkartuko dira.

Eta Hernanin, ordu erdi lehenago jarri dute zita, 17:00etan; eta herriko hiru tokitatik abiatuko dira. Zutabe urdina Antziolako errotondatik abiatuko da; zutabe berdea Floridako eliza ondoko errotondatik; eta zutabe gorria Paradorearen gaineko bidegurutzetik (hilerria eta institutuaren arteko bidegurutzea, autobus geltokia dagoena). Hiru zutabeek Atsegindegin egingo dute bat, eta bertan izango da ekitaldi nagusia, 17:30etan.

Ekitaldi guztiek, formatu ezberdina izan arren, aldarrikapen eta irakurketa bera izango dute, eta argiztatutako bidea ekimen bateratuarekin bukatuko dira: mugikorreko argiak baliatuz osatuko dute argazkia. Irudi hori zabalduko dute sare sozialetan; 216 irudi bateratu, alegia. «Herri guztiek eta bertan batutako pertsona guztiek bat egingo dugun une berezia izango da, eta baita Iparraldeko kideekin bat egingo dugun unea ere, Baionan ere argiztatuko baitute bidea», azaldu du Hernaniko Sarek.

 

«Desiatzen gaude, urte berri honek aldaketa ekartzeko, euskal preso eta senideen egoeran ere»

Sarek azaldu du, «ezohikoa, ia sinesgaitza eta guztiontzat bereziki gogorra» izan den urtea bukatuta, «desiatzen» daudela denak, «urte berri honek egoera aldaketa ekartzeko, baita euskal preso eta senideen egoeran ere». Eta horretarako, urtero bezala, kalean emango diote hasiera 2021ari: «Bilboko kaleak ez ezik, beste 216 kale beteko ditugu aldarriz, itxaropenez eta aldaketa gogoz. 216 herritan, egun berean, ordu berean eta irakurketa beraren baitan antolatutako ekimen partehartzaile eta haundienetakoa izango da, larunbateko mobilizazio erraldoia».

Bertan, aldarrikatuko dute, batetik, urruntze politikarekin «behingoz amaitzea. Aldaketa batzuk ematen hasi diren arren, oraindik ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota». Eta bestetik, eskatuko dute ezartzea «euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar-beharrezkoa den gradu progresioa».

 

'2€=2m2' kanpaina ekonomikoa martxan, mobilizaziorako

Herriz herrikako mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatu die Sarek herritarrei; eta baita mobilizazioaren metro ka­rratua erostera animatu ere. Izan ere, 2€=2m2 kanpaina ekonomikoa martxan da, eta txartelak salgai daude: Astigarragan, Zipotza elkartean; Hernanin, Apeadero, Zintzarri, Garin, Txili eta Aiheko tabernetan; eta internet bidez, sare.eus/2euro2m2 webgunean.

«Erosketa sinbolikoa da, urtarrilean urtero egiten dugun mobilizazioko diru-bilketa ordezkatu asmo duena. Larunbateko mobilizazioetan egingo dugun kale okupazioa aintzat hartuta, gutako bakoitzak gure herriko plazan okupatuko dugun metro karratuari egiten dio erreferentzia kanpaina honek. Bi helburu ditu: parte hartu nahi dugunon diru ekarpena batzea, eta bertaratu ezin direnek aukera izatea sinbolikoki erosteko, mobilizazioan beteko luketen metro karratu hori, nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!