Goizuetan harrera Errege Magoei, bailara osoko etxeetara joan aurretik

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 5a, 00:00
Goizuetara iritsiko dira Errege Magoak gaur arratsaldean, baina segurtasun neurriak zainduz. Argazkia: Felix Loiarte

Arratsaldeko 18:30etan iritsiko dira hiru Errege Magoak, Xalto eskolako frontoira. Hernanin ez dira egongo egunez, baina gauean, bailara osoko etxeetan utziko dituzte opariak

Ez dira ohiko Gabonak izango hauek, Errege Magoentzat ere. Pandemiaren eraginez, eta segurtasunagatik, Goizuetan bakarrik egongo dira gaur, egunean zehar; baina gauean, Urumea bailara osoko etxeetara joango dira, opariak banatzera.
Arratsaldeko 18:30etan iritsiko dira Goizuetara, eta Xalto eskolako frontoiak elkartuko dira herritarrekin. Segurtasun neurri guztiak beteta egingo dute bisita, hori bai. Guraso Elkarteak antolatu du topaketa, eta aditzera eman ditu jarraibideak, denak zintzo aritzeko. Errege Magoak iritsi baino ordu laurden lehenago ireiko dituzte ateak, 18:15etan; eta adinaren arabera, toki ezberdinetatik sartu beharko dute: 0-5 urtekoak, saskibaloi pistako atetik; 6-10 urtekoak, ate nagusitik; eta gainontzekoak, parkeko atetik. Eskolako haurrei bakarrik emango dizkiete opariak.
Gainera, ekitaldiko aforoa mugatua izango da, eta 150 lagunentzako egongo da tokia, gehienez ere. Maskarilla derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako guztientzat, eta metro eta erdiko distantzia tartea mantendu beharko da uneoro. Gel hidroalkoholikoa ere paratuko dute bertan, eskuak garbitzeko.


Hernanira ez dute bisita egingo egunez, baina gauean etxez etxe ibiliko dira.

Haurrak ikusteko desiatzen, Errege Magoak
Segurtasun neurri horiekin guztiekin bada ere, haurrak ikusteko desiatzen daude Errege Magoak, egungo egoera zailean haiei babesa emateko. Muxurik eta besarkadarik ezingo diete eman, baina goxokiak eta opariak banatuko dizkiete, eta gogotsu daude haien irribarreak ikusteko, berriro.

Goizuetan bakarrik egingo dute hori, dena den. Hernanin urtero egiten dute kabalgata, baina egoera ikusita, garbi ikusi dute onena zela ez egitea. Berriak Elkarteak antolatzen du urtero kabalgata, eta azaldu du, Errege Magoekin batera hartu zutela erabakia.
Baina lasaitasun mezua ere helarazi nahi izan diete bailarako haur, gazte eta helduei: «pena haundia daukagu, ezingo dugulako zuekin egon, guretzako hain ederra izaten den egunean. Baina egunez zuekin egongo ez bagara ere, gauean Urumea bailarako etxe guztietara egingo dugu bisita, opariak eta ilusioa banatzeko», azaldu dute.
Hortaz, goizuetarrak izango dira aurten, Errege Magoak ikusiko dituzten bakarrak; baina bailara osoko etxeetara eramango dute beraien magia, urtero bezala, hutsik egin gabe.
«Espero dugu, datorren urterako egoera normaltasunera bueltatzea, eta berriro ere zuekin egon ahal izatea. Faltan botako ditugu zuen muxuak eta besarkadak, bitartean», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!