«Haunditzen joateko helburuz jaio den sarea izango da Irauli»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 4a, 08:19

Buruntzaldeako Gazte Langile Prekarioen Sarea sortu dute: Irauli. «Aspalditik lantzen gabiltzan ideia da».

Buruntzaldeako Gazte Langile Prekarioen Sarea sortu berri dute Buruntzaldeako hainbat herritarrek. Sistema kapitalistaren «gabeziak eta hutsuneak» aspaldiko kontua direla salatuta, «langileriaren mesedetan kokatuko den sistema baten aldeko borrokari ekiteko beharra» ikusi dutela azaldu dute. 
Irauli taldearen esanetan, kapitalismoak langileria prekarietatera eraman du: «azken hamarkadetan kapitalismoak sortutako krisien aitzakipean, prekarietate prozesu etengabe batera kondenatu dute langileria; gure eskubideen urraketan eta betiko eliteen mesedetan oinarritutako erabaki ekonomiko eta sozialak jasaten gabiltza etengabe». 

Bestalde, helarazi dute koronabirusak eragindako pandemiak agerian utzi dituela egoera zaurgarrienean dauden herritarrak eta taldeak. «Sistema kapitalistaren gabeziak eta hutsuneak aspaldidanik ezagunak badira ere, COVID19-ak era gordinenean azaleratu ditu horiek, klaseen arteko talka eta langileon zaurgarritasuna areagotuz», azpimarratu dute.

Horrekin batera, salatu dute krisiaren ardura langileriaren gainean utzi nahi duela «kapitalak». Azaldu dutenez, «krisi berriari konponbide zaharrak eman nahian dabil kapitala; langileriaren bizkar utzi nahi dute berriro ere krisiaren pisua, elite ekonomiko eta politikoen interesak eta irabaziak bermatzen diren bitartean. Krisi hau, aurrekoen antzera, langileok ordain dezagun nahi dute».

«Bizi baldintzak jokoan jartzen dituzte»
Hori ez ezik, salatu dute «prekarietatea estrukturala den honetan», gehiengoaren ongizatea bigarren mailara mugatzen dutela eta «euren» interesak lehenetsi dituztela. «Geure bizi baldintzak eta bizitza bera jokoan jartzen dituzte euren irabazi asmoak bete daitezen», gehitu dute. 

Aipatutako hori guztia dela eta, Buruntzaldeako Gazte Langile Prekarioen Sarea sortu dute: Irauli. «Testuinguru horren aurrean, antolatzeko eta gehiengoa osatzen dugun langileriaren mesedetan kokatuko den sistema baten aldeko borrokari ekiteko beharra ikusi dugu», helarazi dute. Halaber, argi utzi dute zertarako sortu den talde hori: «Horretara dator Irauli: langileon problematikei aurre egiteko borrokei ekitera, formakuntza eta kontzientziazioan sakontzera, langileon antolaketa indartzera, eta zapaltzen gaituen sistemari aurre egiteko mekanismoak sortzera».

Edonola ere, jakinarazi dute aspaldian lantzen aritu diren proiektua dela hori. «Gaur argia ikusten duen proiektua bada ere, aspalditik lantzen gabiltzan ideia da Irauli. Hilabetetan zehar gure eskualdearen errealitatea aztertzeari eta bertako langileok pairatzen ditugun prekarietate egoera ohikoenak identifikatzeari ekin genion». Hain justu ere, Buruntzaldeako gazte prekarioen sarea sortzeko ideiaren jatorria azken arrazoi hori zela zehaztu dute.
 
Adierazi moduan, talde horren atzean daude Buruntzaldeako hainbat herritako herritarrak. Diote, beraien helburua dela talde hori osatzea, eta horretarako jaio dela sarea.  Irauliren jarduna bi ardatz nagusitan banatu dute. Batetik, kontzientziazioa eta formakuntza. Izan ere, diote,  «prekarietate egoera bati aurre egin ahal izateko lehen urratsa  prekarietate egoera bera identifikatzen jakitea da». Eta, bestetik,  erantzun edo salaketa dinamikak. Alegia, «problematika konkretuen aurrean erantzun kolektiboak, non langile orok aukera izango duen jasaten dituen zapalkuntzen aurrean Irauliren sareaz baliatzeko».  

«Problematikei aurre egiteko borrokei ekitera dator Irauli, formakuntza eta kontzientziazioa sortzera, eta langileon antolaketa indartzera»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!