'Daiteke' ikaskuntza bitartekaritza zerbitzu berria jarri da martxan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 2a, 00:00

Gizarte Aholkularitzak abian jarri du Beterri Buruntzaldeako bizialdi osoko zerbitzua.

Daiteke  bizitza osoko prestakuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arloko aholkularitza, bitartekaritza eta informazio ikaskuntza zerbitzua jarri da martxan. Bertan, Beterri-Buruntzarako udalerrietan garatzen diren prestakuntza-ekintzak jasotzen dira, pertsonei beren prestakuntza-helburuak lortzen lagunduz.


Zerbitzuak banakako aholkularitza eskaintzen die herritarrei, pertsonei prestakuntza prozesuetan aholkatuz eta lagunduz. Gainera, mota guztietako ikastaroei, tailerrei, profesionaltasun-ziurtagiriei eta, azken batean, eskualdean dagoen edozein motatako formakuntzari buruzko informazioa eskaintzen du, baita atzerriko titulazioen homologazio-prozesuei eta lanbide-esperientzia aitortzeko prozesuei buruzko informazioa ere. Azkenik, hainbat gairi buruzko talde-tailerrak ere eskainiko ditu zerbitzuak.


Ikaskuntza bitartekaritza Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Astigarraga eta Andoainen bizi diren edo ikasi nahi duten langile, langabe, erretiratu, gazte eta abarrei zuzenduta dago. Herritarrak bertara jo dezakete inguruan ematen den prestakuntzari buruzko informazioa eskatzeko, lana bilatzeko edo aisialdirako izan arren. Adibidez, lanbide-gaitasunak hobetzeko profesionaltasun-ziurtagiri bat egiteko informazioa eska daiteke, edo yoga ikastaro bat non egin daitekeen galdetu daiteke.


Bulegoa Hernanin, Florida auzoa 28an, dago kokatua eta astelehenetik ostegunera 08:30etatik 16:30etara eta ostiraletan 08:30etatik 14:30etara dago irekita. Doako zerbitzua da, Daiteke Gizarte Aholkularitzak eskaintzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diruz laguntzen du. Aholkularitza zerbitzua erabiltzeko, aldez aurretik hitzordua hartu behar da 688 774 650 telefonoan edo bitartekari.beterri@daiteke.com helbidean. Hitzorduak aurrez aurre edo bideo-dei bidez egin ahal izango dira, horrela, zerbitzua inguruko udalerrietako pertsonentzat irisgarria izatea errazten da.
https://sites.google.com/daiteke.com/bitartekari-mediacion-beterri webgunea eta Facebook eta Linkedin sare sozialetako orriak ere jarri dira eskuragarri.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!