Argazkilaritzarekin lotutako bi saio berezi eskaini ditu azkeneko egunetan, Ereñotzun eta Hernanin, Nagore Legarreta argazkilari eta sortzaile hernaniarrak. Ibaia ez da toki bat proiektua partekatu du herritarrekin, bi lantegi horien bitartez. Aurrenekoan, Ereñotzun, argazki kamera bana egin zuten partehartzaileek, metalezko ontziak erabilita; eta ondoren, ibaira joan ziren haiek hartuta, irudi bereziak lortzeko, haientzako bereziak ziren txokoetan. Bigarren saioan, berriz, irudi horiek errebelatu zituzten, Hernaniko Biteri kultur etxean.
Ibaia ez da toki bat proiektua garatzeko erabiliko ditu argazki horiek Legarretak, eta baita bi saioetan Bira Produkzioakek grabatutako irudiak ere. Horiei gehituko dizkie, berak ibaian, ur gainean, jarritako kamerekin lortu dituen argazkiak. Eta horrekin osatuko du ikusentzunezko produkzio bat, aurten jaso duen Sormen Bekaren emaitza izango dena.
«Oso praktikoa izango da tailerra, nerabeak engantxatzeko modukoa»
Adin guztietako herritarrentzako modukoak izan ziren bi saioak, eta horrela, haurrak zein helduak animatu ziren parte hartzera, 10 laguneko taldean. Baina bigarren aukera bat ere izango dute 12-17 urte bitarteko nerabeek, orain, tailerrean parte hartzeko. Izan ere, ikastaro berdintsua eskainiko du Legarretak, datozen astelehen eta asteartean, Hernaniko Udaleko Gazteria Sailak antolatuta. Biteri kultur etxean egingo dituzte bi saioak: astelehenean arratsaldez, 16:00etan hasi eta 18:30ak arte; eta asteartean goizez, 10:00etatik 12:30etara.
Hortaz, metalezko ontziekin argazki kamerak egiten arituko dira nerabeak etzi, aurreneko saioan. Eta kalean zein Biterin bertan egingo dituzte argazkiak, ondoren, kamera estenopeikoa deitzen den horrekin: «ibaiaren argazkiak egin beharrean, esperimentatuko dugu beste mota bateko argazkiekin. Erretratuak egingo ditugu, inguruan dauden gauzei argazkiak egin... Oso tailer praktikoa izango da, nerabeak engantxatzeko modukoa», nabarmendu du Legarretak.
«Haurrak emozioz saltoka ikusi ditut kubetaren aurrean, argazkiak errebelatzean»
Astelehenean egindako argazkiak, astearteko saioan errebelatuko dituzte nerabeek. Eta hori ere, esperientzia oso berezia dela dio Legarretak: «ikustea nola, ordenagailurik gabe, sartzen duzun papera errebeladorean, eta bat-batean irudi bat daukazun... Haurrak saltoka ikusi ditut kubetaren aurrean, emozionatuta. Argazkia ateratzen duzunean, ez duzu momentuan ikusten emaitza; errebelatu arte itxaron behar duzu. Eta hain azkar bizi garen garai hauetan, irudiak egiteko modu pausatuagoa da hau», dio berak. «Eta gainera, ezustekoekin ere jokatzen da. Digitalean dena da hain zuzena... Honek, aldiz, aukera ematen dizu jokatzeko espero ez zenuenarekin, akatsekin zein ezustekoekin».
Prozesu osoa, oso aberasgarria dela uste du argazkilariak: «garai digital hauetan, hainbeste teknologia erabiltzen ditugunean, eta irudiz inguratuta bizi garenean, bat-batean ontzi batekin argazki kamera bat egiteko ideia, zirraragarria da. Batzuk animatuko ziren parte hartzera, ez dutelako sinisten, eta ikusi nahi dutelako nola den hori posible». Arrazoia bat edo beste izan, partehartzaileak gogotsu joatea nahi du Legarretak: «gustatuko litzaidake jendea etortzea motibatuta, eta disfrutatzeko eta lanerako gogotsu. Eta orain arte, horrela gertatu zait beti. Nahi dudana da, jendea piztea, eta elkarrekin pasako ditugun momentu horietan, lanerako eta sortzeko motibazio eta zirrara horrekin egotea denak. Eta ez da gutxi, hain petral gabiltzan garai honetan. Sortzaile batek gustura egiten du lana bakarrik, baina ni oso gustura sentitzen naiz esperientzia hori konpartitzen, eta hortik ere jasotzen. Eman eta jasotzeko esperientzia bat da, eta nik ere asko jasotzen dut horrelako saioetan», azpimarratu du.
«Etxean azaldu beharko dute, nola demontre egin duten ontzi batekin argazki kamera»
Nerabeei zuzendutako bi saioetan ere, 10 laguneko taldea ariko da lanean. Eta parte hartzea doakoa bada ere, aldez aurretik eman behar da izena, Gazteria Sailera deituta (943 57 54 35 eta 943 33 70 04) edo WhatsAppez idatzita (605 715 607). Eta metalezko ontzi bana eraman beharko dute, Nesquik laten formatukoa edo antzekoa. Tailerretik, aterako dira argazki kamera banarekin, eta horrekin ateratako argazkiekin: «argazki horiek errebelatuko ditugu, eta asmoa da bakoitzak etxera eramatea bere argazkiak. Eta etxean azaldu beharko dute, nola demontre egin duten ontzi batekin argazki kamera», dio Nagore Legarretak barrez.
Etxean gero eman beharreko azalpenak alde batera utzita, nerabeak animatu ditu argazkilariak, saioetan parte hartzera: «oso esperientzia berezia da ontzi batetik argazki kamera eraiki daitekeela ikustea, eta teknika zaharrak erabiliz argazkiak nola sortzen diren ikustea».