Buruntzaldeako Ikasle Abertzaleek salatu dute «kurtso hasieratik honaino» pairatzen ari diren «etengabeko presentzia poliziala». Hernaniko Institutuan izandako gertaera bat jarri dute erdigunean, eta hortik abiatu dute salaketa-diskurtsoa. Azaldu dutenez, azken urteetan institutuan ez da horrelakorik gertatu eta, beraz, beraien ustean polizia «aitzakiatzat» ari da hartzen COVID-19ak sortutako pandemia, «orokorrean eta baita ikastetxeetan ere kontrol sozial haundiagoa ezartzeko».
Aipatu duten lehenengo kasua azaroaren 3an gertatutakoa da. Egun hartan kontzentrazioa egin zuten, Burgesiaren hezkuntza kudeaketari, ikasle langileek planto! lemapean. Horren harira, diote, «presentzia polizial haundia» egon zela elkarretaratze horretan: «uniformedunak eta baita kalez jantzitakoak ere». Gainera, helarazi dute, «motxilak miatu eta isunekin mehatxatu gintuzten zenbaitetan». Bestalde, mahaigaineratu duten beste kasuetako bat abenduaren 16koa da. Amnistia ipar, zuekin gaude! lemapean bildu ziren Buruntzaldeako Ikasle Abertzaleak, eta horretan ere «oztopatzeko asmoarekin» ertzainak bertaratu zirela salatu dute.
Kasu horietatik haratago, abenduaren 17an ertzainak Hernaniko institutura joan zirela azaldu dute. «Egun bat besterik ez zen igaro eta berriz genituen hemen; kasu honetan, ikastetxeko atarian erretzen zeuden ikasleengana hurbildu ziren». Kontatu dutenez, ikasletako bati isuna jarri zioten, erretzen zegoela eta derrigorrezko distantzia ez zela mantentzen ari egotzita. «Gainera, adin txikikoa izanik, tabakoa saldu zionaren datuak emateko exijitu zioten».
Salatu duten azken gertakaria abenduaren 21ekoa da, Andoaineko Gaztetxean izandako aurkezpen baten bueltakoa. Kontatu dutenez, «aurkezpena hasi baino 10 minutu lehenago gaztetxe ondoan gelditu zen ertzainen auto bat, saiora gerturatu zitekeen orori beldurtzeko eta bertaratzeko zuten asmoa zalantzan jartzeko. Hori argi eta garbi ikusi zen aurkezpena hasi eta 10 minutura bi ertzainak kotxean sartu eta alde egin zutenean».
Aipatutako hori guztiagatik diote, irtenbidea dela «ikasle langileen antolakuntza politikoa».