Ohikotik oso gutxi izan du aurtengo urteak, eta horretaz konturatu ziren Olentzero eta Mari Domingi ere, joan den asteazkenean menditik jaitsi, eta Urumea bailarara bisita egin zutenean. Segurtasun neurrien jakitun, maskarilla jantzita iritsi ziren beraiek ere. Beti bezala ez bazen, beste modu batera beharko zuelako; baina bailarako haur, gazte eta helduekin egon nahi zutelako, egun seinalatuetan.
Horrela, aranoarrekin egin zuten aurreneko buelta, goizean, eta Gabon kantak abestera atera ziren elkarrekin.
Astigarragan egin zuten geldialdia gero, Olentzerok eta Mari Domingik. Eta Txomiñene frontoian elkartu ziren herritarrekin, elkarrekin abestu eta dantzatzeko, haien gutunak jasotzeko, eta goxoki eta opariak banatzeko. Astigartarrak agurtuta, Hernanirako bidea hartu zuten biek, eta Atsegindegin jaso zuten herriko txikienen bisita, eguerdian zein arratsaldean.
Eta Hernanitik, mendi aldera bueltan abiatu ziren, ilundu baino lehen, oraindik azkeneko geldialdia egin behar baitzuten Goizuetan. Eskolako frontoian elkartu ziren herritarrekin, beraien gutunekin zakua betetzeko, eta azkeneko goxoki eta opariak banatzeko.
Hain gustura egon ziren herri guztietan, berandutu egin zitzaiela, eta arin-arin egin behar izan zutela bueltako bidea, etxeratzeko agindutako ordua baino lehen iristeko...