Bilakaera ezegonkorra langabeziak, udaratik hona

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 26a, 00:00

Urtearen bigarren seihilekoan, beherantza egin du Astigarragan eta Hernanin, baina antzeko mantendu da Aranon eta Goizuetan. Kontratu berrietan, ordea, etengabeak izan dira gorabeherak, uztailetik azarora.

Pandemiaren aurreneko hilabe­teekin batera, kolpe haundia ja­so zuen Urumea bailarako lan munduak: aspaldiko kopuru haundienetara areagotu zen lan­gabezia, eta izugarri gutxitu zi­ren kontratu berriak. Horrela, bereziki gogorra izan zen 2020 urtearen aurreneko erdia.

Bigarren seihilekoa ez da hobea izan, zentzu horretan. Eta pandemiaren bilakaera bezala, ezegonkorra eta gorabeheratsua izan da langabeziarena eta kontratu berriena ere. Bere kopuru maximoetan iritsi zen langabezia udaran. Uztailean, bailarako 1.432 herritar zeuden langabezian, eta gora egin zuen abuztuan, gainera, Hernanin izandako gorakadarekin: 1.474 izan ziren orduan.

Ordutik, hobea izan da bilakaera Astigarragan zein Hernanin eta Ereñotzun, eta behera egin du langabe kopuruak. Astigarragan, zehazki, 39 langabe gutxiago dira, aza­roko datuen arabera (260); eta Hernanin eta Ereñotzun, abuztuan baino 192 gutxiago (960).

Beherakada hori ez da eman, ordea, Aranon eta Goizuetan. Are gehiago, Goizuetan kontrakoa izan da bilakaera: uztaileko 23 langabetuetatik, 20ra jaitsi zen abuztuan, eta 19ra irailean; baina gorantzako joera hartu du ordutik: 22 izan dira azaroan. Aranon, aldiz, ez da aldaketarik izan langabe kopuruan, uztailetik hona: hiru dira ordutik.

 

Kontratu berrien bilakaeran, gorabehera haundiak

Langabeziarena baino nabarmen gorabeheratsuagoa izan da kontratu berrien bilakaera, urtearen bigarren seihileko honetan. Eta hori bailarako herri guztietan gertatu da, gainera. Unean-unean pandemiak izan duen bilakaeraren eta hartutako neurrien erakusle izan daitezke, beharbada: etengabe aldatu dira, egunetik egunera.

Horrela, uztailean bailarako herritarrek lortu zituzten 1.035 kontratu berrietatik, azaroan lortutako 710etara, kolpea haundia da, baina beherakada ez da uniformea izan; ez hilabeteen arabera, eta ezta herrien ara­bera ere.

Aranon, esaterako, uztailean 11 kontratu berri lortu bazituzten, nabarmen egin du behera ordutik, azaroan bakarra izateraino. Goizuetan, aldiz, bi besterik ez baziren izan uztailean, sekulako gorakada izan zen abuztuan, 31rekin; eta irailean (28) eta urrian (23) kopuru onetan mantendu ondoren, kolpea jaso du berriro azaroan (5).

Astigarragan zein Hernanin eta Ereñotzun, berriz, gora eta behera egin du kopuruak, eta oso antzeko joerarekin, gainera: uztailetik abuztura beherakada haundia, eta irailean errekuperatu, urrian berriro koxka bat behera egin eta abenduan kolpe haundia jasotzeko, Aranon eta Goizuetan bezalaxe.

Abenduko datuen faltan, momentu zailean eta pandemiaren ondorio gogorrenak atzean utzi gabe agurtuko du 2020a, bailarako lan munduak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!