Gabon bereziak izango dira hauek, Nagore Legarreta argazkilari eta sortzaile hernaniarrarentzat. Abenduaren 12an estreinatu bazuen Emakumeon Plazako murala Astigarragan, beste proiektu batean murgilduko da egun hauetan, Ereñotzun eta Hernanin. Argazkilaritza izango da horretarako bidea, beste behin; baina Urumea ibaia jarriko du erdigunean, proiektu kolektibo eta partehartzailean.
Ibaia ez da toki bat proiektua da hori: «Urumea ibaiaren inguruan egin nahi dugun ekintza artistiko bat da. Uztartu nahi ditugu ibaiak lotzen dituen bi herrigune, Ereñotzu eta Hernani; bat ruralagoa eta bestea urbanoagoa, eta paisaia ezberdinak dituztenak», azaldu du.
Eta horretarako, bi argazkilaritza lantegi antolatu ditu. Gaur izango da aurrenekoa, Ereñotzun, 10:30etatik 13:00etara Auzo Etxean elkartuta; eta etzi egingo dute bigarrena, Hernaniko Biteri kultur etxean, 17:30etatik 20:00etara. 10 laguneko taldea elkartuko da, haurrak zein helduak; eta ez dira nolanahiko saioak izango.
Ontziekin argazki kamera, ibaiko txokoak erretratatzeko
Oso berezia izango da gaurko saioa: metalezko ontziekin, argazki kamera bana egingo dute partehartzaileek. «Teknika horrekin esperimentatuko dugu, eta bat-batean, guztiok izango dugu kamera bana. Horrek berdindu egiten gaitu».
Egungo garaietan, ia imajinaezina da, ontzi batekin kamera bat egitea: «prozesua hain da xinplea, gezurra dirudiela. Hartuko dugu metalezko ontzi bat, Nesquik laten formatukoa edo antzekoa; egingo diogu zulo txiki bat, eta margotuko dugu beltzez barrutik. Lehortzen utziko dugu, eta ondoren, argi gorriarekin, jarriko diogu argazki papera. Tapa jarriko diogu, ondo itxi, eta prest izango dugu argazki kamera», azaldu du Legarretak.
Kamera horrekin, Urumea ibaira gerturatuko dira: «partehartzaileei eskatuko diegu, ibaiaren inguruko txoko ezberdinetan argazkiak ateratzea. Bakoitzak erretratatuko ditu, berarentzat bereziak diren tokiak, arrazoiren batengatik». Kamera berezi horiekin, argazkiak nola aterako dituzten ere azaldu du Nagore Legarretak: «joango gara atera nahi dugun tokira, ontziko zuloa pixka bat irekiko dugu, eta 20 segundutan, irudia sortuko da barruko argazki paperean».
Argazkiak errebelatu eta kontakizunak jasotzeko hitzordua, Biterikoa
Ibaiaren argazkiak eginda, astelehenean emango diote segida proiektuari, Biteriko saioarekin. Argazkiak errebelatzeko txanda izango da orduan: «laborategian, papera sartuko dugu errebeladorean eta beste likido batzuetan, eta lortuko dugu argazkiaren negatiboa, txuri-beltzean, baina alderantziz».
«Oso teknika zaharra da hau. Argazkilaritzaren oinarriak dira argazki kamera hauek; erabili ziren aurreneko kamerak. Kamera estenopeikoa deitzen zaie, eta Kristo Aurreko 500garren urte inguruan existitzen zirela diote erreferentzia batzuek. Gaur arte iraun du, oso testura eta atmosfera bereziak ematen dituen kamera bat delako; eta norberak bere kamera eraikitzea ere, ideia erakargarria delako», nabarmendu du.
Eta azaldu du: «kamera hauek ez daukate mekanismorik. Gaur egungo kamera batekin, argazkia ateratzeko botoi bat sakatzen dugu; eta botoiak egiten duena da, leiho bat ireki automatikoki. Guk leiho hori eskuz irekiko dugu, eta hortik sartuko da argia, irudia paperaren gainean proiektatzeko».
Argazkiak errebelatu ez ezik, besterik ere egingo dute asteleheneko saioan: bildu eta grabatuko dituzte partehartzaileen kontakizunak, gaur ateratako argazkiekin eta erretratatutako tokiekin lotuta. «Ibaiak badauzka toki bereziak guretzat. Bainatzera joaten garen tokia, merienda egitera etortzen garena, aurreneko muxua eman ziguten lekua... Eta askotan, eguneroko istorio horietatik, beste informazio asko ere ateratzen da. Eta hori da asmoa, xinpleak diruditen kontakizun horietatik, mosaiko moduko bat osatzea. Jendeak nola bizi duen ibaia, eta zein lotura eta esperientzia dauzkan ibaiarekin».
Ikusentzunezko pieza bat, azkeneko emaitza
Saio hauetako argazkiez gain, Legarretak berak ere egingo ditu beste batzuk: «ibaiaren ikuspuntutik aterako ditut, kamerak ur-azalean jarrita, irudikatzeko ibaiak nola ikusten duen ingurua, nola ikusten duen Hernani. Bi aldeak izango ditugu horrela, guk nola ikusten dugun ibaia, eta ibaiak nola ikusten gaituen gu», nabarmendu du.
Hernaniko Udalaren Sormen Bekaren baitan ari da garatzen proiektua, Nagore Legarreta. Eta azkeneko emaitza, ikusentzunezko pieza bat izango da, bilduko dituena saio hauetako argazki eta kontakizunak, eta Bira Produkzioakek grabatuko dituen irudiak.
Nerabeekin, beste bi saio
Antzeko beste tailer bat eskainiko du Nagore Legarretak berak, urtarrilaren 4an (16:00-18:30) eta 5ean (10:00-12:30) Biterin, Hernaniko Gazteria Sailak antolatuta. 12-17 urteko nerabeentzat izango dira, eta 10 lagunentzat dago tokia. Doan izango da, baina izena eman behar da, Gazteria Sailera deitu (943 57 54 35 / 943 33 70 04) edo idatzita (605 71 56 07).
Eta saio horiek ere, antzekoak izango dira: ontziekin argazki kamerak egin, kalean edo Biterin bertan, eta errebelatu.
«Tailer praktikoa izango da, nerabeak engantxatzeko modukoa. Garai digital hauetan, hainbeste teknologia erabiltzen ditugunean, eta irudiz inguratuta bizi garenean, zirraragarria da bat-batean ontzi batekin argazki kamera bat egiteko ideia».