Olentzero eta Mari Domingi zuhur iritsiko dira bailarara

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 24a, 00:00

Goizuetan, Aranon, Astigarragan eta Hernanin barrena opariak banatuko dituzte gaur, baina segurtasun neurriak beteko dituzte, herriz herri.

Olentzero eta Mari Domingi aurten ere opariak banatzen ibiliko dira gaur gauean eta egunean zehar bailarako herri guztietan egongo dira. Hori bai, beti ere zuhur eta ernai segurtasun neurri guztiak betez. Ibilbideak eta umeen gutunak hartzeko moduak, herriz-herri, aldatu dira. 

Ezingo ditugu besarkatu, ez eta beste urtetan bezain beste beraiengana hurbildu eta kalejirarik ez da egingo, debekatuta daudelako.

 

Atsegindegin egongo dira goizean eta arratsaldean

Olentzero eta Mari Domingi ez dira Hernaniko Plazan egongo urtero moduan. Ttarla Dantza taldeak antolatzen du ekitaldia eta aurten neurri bereziak hartu dituzte ekitaldia aurrera eraman ahal izateko.

Hau horrela, gaur Atsegindegin egongo dira eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara. Bertan, haurren gutunak jasoko dituzte eta urtero moduan opariak eta goxokiak banatuko zaizkie, baina ezin izango da argazkirik atera egungo egoerak eskatzen dituen neurriak betetze aldera.

Eskolek, Olentzerorekin, egiten dituzten ohiko kalejira guztiak bertan behera geratu dira ez da bat bera ere aterako Hernanin.

 

Erribera kulturgunean, 10:00etan eta 11:30etan

Xaguxar elkarteak antolatzen du Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Astigarragan. Aldaketak egongo dira aurten eta kalejirarik gabe Erribera kulturgunean egongo dira, gaur goizeko 10:00etan eta 11:30etan. Olentzero eta Mari Domingik gutunak, segurtasun neurri guztiekin, bertan jasoko dituzte.

Jende pilaketak saihesteko Olentzero eta Mari Domingi eserita aurkituko dituzte.

 

Ongietorria egingo zaie, arratsaldez 18:30etan, Goizuetako eskolako frontoian

Goizuetan aurten, Guraso Elkarteak gaur, ekitaldi bakarra antolatuko du. Olentzero eta Mari Domingi herriko kaleetan ez dira ibiliko.

18:30etan eskolako frontoian ongietorria egingo zaie. COVID-19ak eragindako egoera dela eta segurtasun neurriak errespetatuz egingo da: aforo mugatua izanen da 180 perrtsonetara, sarrera-irteera kontrolatua, ilaran eta frontoian 1,5metroko distantzia mantenduko da eta musukoa derrigorrezkoa izango da.

Ateak 18:15etan irekiko dira; 0-5 urte bitartekoak saskibaloi pistako atetik sartuko dira, 6-10 urte bitartekoak ate nagusitik eta gainontzekoak parkeko atetik.

 

Aranon ekitaldi xumeagoa antolatu da

Aranon Olentzero hartuta ordu pare bateko buelta egingo dute. Aurten ekitaldi xumeagoa izanen da, 10:00etan irtengo dira herritik eta kantak abestuko dituzte Benta Berrin, goiko herrian, beheko herrian eta Suron, beti ere distantziak mantenduz. 

Ereñotzun ez da Gabon Kantari eskerik egingo

Katiluzar guraso elkarteak antolatzen duen Gabon Kantari eskea gaur ez da egingo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!