Legarretak bi argazki tailer eskainiko ditu Ereñotzun eta Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 23a, 00:00

Ereñotzukoa larunbatean izango da auzo etxean, 10:30etatik 13:00etara, eta Biterin 17:30etatik 20:00etara egingo da bigarrena.

Astigarragan murala inauguratu ondoren, Nagore Legarretak bi argazki tailer eskainiko ditu larunbatean eta astelehenean, Ereñotzun eta Hernanin. Ereñotzukoa auzo etxean egingo da 10:30etatik 13:00etara eta Hernanikoa, Biterin, 17:30etatik 20:00etara. Izenburua da Ibaia  ez da toki bat eta Hernaniko sormen bekaren barruan kokatzen da.

Ontziekin argazki kamerak eraiki, Urumea ibai inguruko gure txokoak erretratatu, argazkiak laborategian errebelatu eta ibaiaren inguruko kontakizunak konpartituko dira.

Proiektu honek Hernaniko Udalaren babesa jaso du eta ibaia ardatz hartzen duen proiektu honen zatietako bat da, lantegi hau garatzea. Saioa debalde izango da, haur eta helduentzat eta ez da argazkilaritzari buruzko jakintzarik izan behar. Eraman beharreko bakarra, metalezko ontzi bat da; Nesquik edo halako formatukoa.

 

Kamerak eraikitzen, urtarrilaren 4 eta 5ean

Bestetik, Hernaniko Gazteria Sailak antolatuta, ontziekin argazki kamerak eraiki, argazkiak egin eta, errebelatzeko lantegia egingo da. Biterin, 12-17 urte arteko gazteentzat da eta gehienez 10 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Bi saio debalde izango dira urtarrilaren 4an eta 5ean; 16:00etatik 18:30etara, eta 10:00etatik 12:30etara. Izena emateko nagore.legarreta@gmail.com-era idatzi behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!