Presoen aldeko ekitaldia antolatu dute Ernaiko gazteek Milagrosan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 23a, 00:00

Gaur 19:00etan hasiko da eta datozen egunetan presoen eskubideen alde hainbat ekimen daude.

Datozen egun eta asteetarako hainbat deialdi luzatu dira presoen eskubideen alde. Hasteko, gaur 19:00etan, Hernaniko Milagrosan, Ernaiko kideek presoen aldeko ekitaldi bat antolatu dute.

Azken urteetan presoen borrokan eman diren urratsak hartu eta bideo bat osatu dute. Hortaz aparte abeslariak, bertsolariak eta dantzariak parte hartuko dute. Aipatu beharra dago aforoa mugatua dela.

Bestetik, Hernaniko Sarek abendurako hainbat zita antolatu ditu. Bihar, abenduaren 24an, urtero bezala, manifestazioa burutuko dute, 19:00etan, Gudarien plazatik abiatuta. Leloa Hator, hator, ... ETXERA! izango da.

Abenduaren 26an, 11:00etan, kalejira antolatu da Martuteneko espetxetik Loiolara. Leloa covid19-a + urruntzea = umezurtz eta bertan guraso espetxeratuak dituzten umeen egoera berezia salatu nahi da.

Astigarragatik aldiz, zutabe bat aterako da bertaratzeko, goizeko 10:00etan, Kontxa Etxeberria plazatik.

Bilbon burutzen den manifestazio nazionala aurten ez da egingo, baina urtarrilaren  9an

herriz-herri burutuko dira mobilizazio masiboak.

 

Kontzentrazioa, bihar Astigarragan eta urtarrilaren 9an ekitaldia

Astigarragan, bihar 18:00etan, Joseba Barandiaran plazan, urteko azken kontzentrazio berezia egingo da. Ez Hernanin eta ezta Astigarragan ostiralero  egiten den deialdia ez da izango.

Urtarrilaren  9an, larunbatean, 17:30etan ekitaldia egongo da Kontxa Etxeberria plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!