Mendialdeko finaletan izanen dira hiru esku pilotari goizuetar

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 00:00

Kadete mailako finala jokatuko du Egoitz Elizegik, Mendialdeko Txapelketan.

Jon Larin, Axel Salaberria eta Egoitz Elizegi sailkatu dira, finaletarako. Binakako Masterreko finalean, galdu egin zuen Patri Espinarrek (15-22).

Txapelketa gutxiko garaia izanagatik ere, finaletik finalera dabiltza Urumea bailarako esku pilotariak, azkeneko asteotan. Atzo jokatu zuen Binakako Masterreko finala Patri Espinarrek, Arrigorriagan; baina ezin izan zuen txapela jantzi. Urtetan Her­nanin aritutako usansoloarrak 15-22 galdu zuen, Naroa Agirrerekin batera, Amaia Aldai eta Oihane Orbegozoren kontra.

Hasieratik geratu zen ageri­an, Espinarrek ez zeukala es­­kui­neko eskua nahi bezain ondo, eta ezin ziola gogor jo pilotari. Ez zuen garaipena merke salduko, ordea, eta primeran ekin zion: bere joko azkarrari esker, 4-0 aurreratu ziren. Partidua parekatu egin zen gero, eta berdinduta joan zen, 9-9 izan ziren arte. Hortik aurrera, Aldai eta Orbegozo nagusitu ziren jokoan, eta tartea egin zuten markagailuan, 22ra iritsi arte.

 

Mendialdeko finalak Goizuetan, hiru herritarrek

Beste txapelketa baten finalak jo­katuko dituzte, datorren aste­bu­­ruan: Mendialdeko Txapelketakoak, buruz buru. Eta horietan izanen dira, hiru esku pilo­tari goizuetar: Jon Larin, Axel Salaberria eta Egoitz Elizegi. Goizuetan ber­tan jokatuko dute, gainera: larunbatean, goizeko 11:00etan.

Kadete mailako finalerako sailkatu da Elizegi, Aurrera taldeko Ugartemendiari irabazita (18-6); eta orain, Larraungo Sotil izanen du kontrario. Salaberriak, berriz, kimuen mailakoa jokatuko du, Aurrerako Zabaletaren kontra, semifinaletan Larraungo Bildarraz kanporatuta (18-13). Eta Larinek Larraungo Lekuona izanen du aurrez aurre, semifinaletan Aranberri goizuetarrari irabazita (18-1).

Beste bi semifinaletan ere aritu ziren esku pilotari goizuetarrak. Alize Sagardui finalerako txartela lortzetik oso gertu izan zen, baina 17-18 galdu zuen Larraungo Jakaren kontra. Eta galdu egin zuen Legarretak ere, Aurrerako Sagastibeltzaren kontrakoa (3-18). Segesek, aldiz, ezin izan zuen bere semifinala jokatu, Larraungo Lekuonaren kontra, gaixo zegoelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!