Patri Espinarrek finala, Arrigorriagan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00

Patri Espinar, pelota astintzeko prest, EreƱotzun jokatutako partidu batean.

Binakako Masterraren txapela izango du jokoan bihar, Naroa Agirre lagun, Amaia Aldai eta Oihane Orbegozoren kontra.

Zita seinalatua dauka goi-mailako esku pelotak, asteburu honetan: Binakako Masterraren finala jokatuko dute bihar, Arrigorriagan, eguerdiko 12:00etan. Eta finalisten artean izango da Patri Espinar, urtetan Hernanin aritu den usansoloarra. Espinarrekin batera ariko da Naroa Agirre zestoarra, eta aurrean izango dituzte bi kontrario gogor: Amaia Aldai dimoztarra, eta Oihane Orbegozo azpeitiarra.­

Final lehiatua eta estua espero da, faborito argirik gabekoa. Joko bizi eta ikusgarrikoak dira bi aurrelariak, Espinar bera eta Aldai gaztea. Azkenaldiko tenperatura hotzekin eskuko arazoak izan ditu Espinarrek, baina jakinarazi duenez, azkeneko bi asteotan eskuak zaindu ditu, eta gerra emateko gogoz agertuko da finalera. Atzean ere, pelotari beterano bat eta gazte bat ariko dira. 35 urte dauzka Orbegozok, eta oso seguru aritu da txapelketako partidu guztietan. Agirrek, berriz, 17 urte besterik ez ditu, baina maila dotorea eman du berak ere, eta erakutsi du etorkizun haundiko pelotaria dela.

Egungo egoeragatik, publikorik gabe jokatuko da partidua, baina finalaz gozatzeko aukera izango dute zaleek, ETB1ek zuzenean eskainiko baitu, 12:00etan; eta baita hirugarren posturako partidua ere: Ruiz de Infante eta Arrillaga, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldairen kontra.

 

Iker Salaberria eta Aimar Olaizola gaur, Bilboko jaialdian

Gizonezkoei dagokienez, berriz, txapelketako partidurik ez, baina jokoan izango dira bi goizuetarrak gaur, Bilboko jaialdian. 17:45etan hasita, Imazekin ariko da Olaizola, Elezkano II eta Martijaren kontra. Eta Bengoetxeak eta Altunak lau t'erdiko semifinala jokatu ondoren, Ruizekin ariko da Salaberria, Larrazabal eta Urretabizkaia IIren kontra. ETB1ek emango du zuzenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!