Atzeratu egingo da 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, data zehatzik gabe

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 00:00
Maialen Lujanbio eta Unai Agirre, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, BECen.

Txapelketen ziklo osoa atzeratuko du Bertsozale Elkarteak, pandemiaren eraginez, oraindik ez baitira egin lurraldekako txapelketa batzuk, dagoeneko jokatuta behar zutenak.

Lau urtetik behin izaten da zita seinalatua, Urumea bailarako herritar askoren agendan: Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Barakaldoko BECen izan ohi dena. Datorren urtean behar zuen hurrengoak, 2021ean; baina egungo egoeragatik, atzeratu egingo dute, data zehatzik gabe, Bertsozale Elkarteak aditzera eman duenez.

Bertsolari Txapelketa Nagusia ez ezik, bertsolari txapelketen ziklo osoa atzeratuko dute. Izan ere, pandemiaren eraginez, oraindik ez dira egin lurraldekako txapelketa batzuk, dagoeneko jokatuta behar zutenak. Eta txapelketa horietan lortzen dituzte txartelak bertsolariek, Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketetan aritzeko.

Aurtengo udazkenean ziren jokatzekoak horietako bi: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta Xilaba txapelketa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa elkartzen dituena. Baina atzeratu egin dira, biak ala biak, hasi egin zituzten arren. Berdin gertatu da Arabako eta Nafarroako txapelketekin ere: 2021eko aurreneko hilabeteetan ziren egitekoak, baina atzeratu egin dituzte biak.

Hortaz, Gipuzkoako Txa­pel­keta da ziklo honetan joka­tu den bakarra. Joan den urtean izan zen hori, eta Ilunben jokatu zuten finala. Bertan aritu zen Agin Laburu astigartarra, baita ederki aritu ere: buruz burukoan aritzeko sailkatu zen, Beñat Gaztelumendirekin batera; eta Hernaniko bertso eskolako kideen artekoan, añorgarrak jantzi zuen txapela. Edonola ere, finalista izatearekin lortu zuen txartela astigartarrak, Bertsola­ri Txapelketa Nagusiaren kan­poraketetan aritzeko. Pixka bat gehiago itxaron beharko du orain, 2017an azkeneko txanpan ihes egin zion pasea eskuratu eta BECeko finalean egoteko.

 

Berriro ere finalean egoteko asmotan, Hernaniko Bertso Eskolako lau kideak

Azkeneko unean galdu zuen finalean egoteko aukera Laburuk, 2017an; eta aldiz, azkeneko momentuan eskuratu zuen berea Unai Agirre hernaniarrak. Bertsolari Txapelketa Nagusian, aurreneko finala izan zuen hura, eta orduan aitortu zuen, berriro ere saiatuko dela: azkeneko txapelketa omen zuen, baina finaleko giroak bultzatuta, bueltatuko zela bota zuen Agirrek.

Final hartan, Hernaniko Bertso Eskolako beste hiru kide ere aritu ziren, lehenago ere finalean izandakoak. Horietan nabarmenena, Maialen Lujanbio hernaniarra, txapela bigarrenez jantzi zuena. Eta berarekin, buruz burukoa lehiatu zuen Aitor Mendiluze andoaindarrak.

Beñat Gaztelumendik osatu zuen Iraulio Panttalone Bertso Kabiyaren laukotea. Eta lauek daukate ziurtatuta txartela, finalista izanagatik, hurrengo Ber­tsolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketetan aritzeko.

 

Data berriak, «bertsolaritzaren egoeraren eta pandemiaren bilakaeraren arabera»

Lurraldekako txapelketak jokatu bitartean itxaron beharko du­te haiek guztiek. Bertsozale elkarteak azaldu duenez, data berriak erabakiko dituzte «pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera».

Izan ere, txapelketetan ez ezik, bertsolaritzaren eguneroko jardunean ere izan du eragin nabarmena, pandemiak: «bertso saio ugari bertan behera geratu dira, eta bertso eskolek ere zailtasunak dituzte normaltasunez aritzeko. Gainera, orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta osasun irizpideak aintzat hartuta, gerta liteke momenturen batean bertsolariren bat parte hartu ezinik geratzea. Horrela, ez dago bermerik txapelketak gauzatzeko, hasi eta buka», diote Bertsozale Elkartetik. «Ohikotik gutxi du egoerak, eta nekez betetzen dira txapelketak behar bezala gauzatzeko baldintzak».

 

Hainbat ekimen martxan, «plaza biziberritzeko»

Edozein kasutan, aditzera eman dute ekimen gehiago jarriko dituztela martxan: «bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko dugu indarra, urte berrian ere. Bertsolaritzan ari garenon artean, osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz gero, kultura eta bertsolaritza bizigarriak direlako», azpimarratu dute.

Horregatik, ekimen berri bat abiatuko dute, bilatu dute he­rriz herriko bertso eskolen eta antolatzaileen lana balioan jartzea, eta plaza sustatu eta biziberritzea. Datozen egunotan aurkeztuko du ekimen hori, Bertsozale Elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!