Azaroaren 19an egin zuten aurreneko saioa Ereñotzun, Erosketa ohiturak aldatuz tailerrean. Eta horretan sakontzeko, bigarren saio bat ere antolatu nahi izan du Olak Auzo Elkarteak: etzi izango da, asteazkenarekin, arratsaldeko 19:00etan hasita Auzo Udaleko areto nagusian.
Aurreko saioa bezala, Ainhoa Ansa aranoarrak gidatuko du oraingoa ere. «Elikadura, arropa, higienea... Kontsumitzeko dugun moduari erreparatuz, zaborra eta kutsadura gutxitu dezakegu. Batzuk hasi dira ohiturak aldatzen, baina oraindik gehiago egin dezakegu. Ideiak eta estrategiak elkarbanatuko ditugu saio honetan», aurreratu dute antolatzaileek.
Saioan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik, aforo kontuak direla eta. Horretarako, telefonoz deitu edo idatzi behar da: 688 780 356. Jakinarazi dute, aurreko saioaren jarraipena izango den arren, orduan parte hartu ez zutenak ere agertu daitezkeela bigarren honetara, eta edonorentzat irekia dela.
Aurreneko saio hartan hasi ziren hausnartzen, zer aldatu dezakeen bakoitzak bere egunerokoan, erosketak modu jasangarriagoan egiteko.