Kirola

6 eta 12 urte bitarteko gazteentzat agenda bateratua egin dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Igerilekua jolastoki bihurtuko da gaur.

Eskola Kirolak, 5 klubek eta Hernaniko udalak egin dute, elkarlanean.

Mugi ziur Hernanin! ekimenaren baitan, agenda bateratua egin dute  elkarlanean Eskola Kirolak, 5 klubek eta Hernaniko Udalak, 6 eta 12 urte bitarteko gazteentzat. Helburua da «kirol jarduera fisikoa gazte eta gaztetxoen eskura jartzea modu seguru batean», esan dute. Bide horretan, Hernani zein Astigarragako kirol koordinatzaileek, udalaren eta herriko kluben atxikimenduarekin, alternatiba seguru eta legala mahaigaineratu dute.

Oraingoz, 4 dira aukera dauden ekintzak. Horiek egin ahal izateko hainbat erreminta jarri dituzte eskuragarri Hernaniko udalaren webgunean. Batetik, Santa Barbara mendian barrena aritzeko jaitsiera basatiak. Lasterketa hauexek 3 kategoriatan sailkatu dira: erraza, ertaina eta zaila. Bestetik, orientazio jolasen prestaketari ekin diote. Bertan, iparrorratzarekin eta mapa batekin familian gozatzeko aukera izango da. Beharrezko materiala eta jarraibideak luzatuko dira webgunean.

Bestalde, Hernaniko ondare historikoa ezagutzeko jolas bat planteatu da, «gure herriaz gozatu eta zaintzeko aukera izateko». Altxorraren bila jolasaren antzera, pista bidezko jolasa izango da hori  ere; pista bakoitzean irakurritakoak hurrengo pistara eramango gaitu. Arduradunek helarazi dute COVID-19aren ondorioz, zaila dela frogaren amaieran altxor edota sari bat eskaintzea froga burutu duen partaide orori.  Beraz, goza dezagun jakintzaren sariaz! Pista-jolas hau baldintzatua egongo da eta jarraibideak webgunean egongo dira.

Azkenik, kiroldegiko eta igerilekuko ekintzak daude. Gaur goizean, igerilekua berriz ere jolastoki bihurtuko da. Hiru txanda egongo dira: 10:15-11:15, 11:30-12:30, 12:45-13:45. Kiroldegiko sarreran emango dira txartelak (egun berean), plazak bete arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!