Espainiako Osasun Ministerioak eta Autonomia Erkidegoek abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean gehienez 10 pertsonarekin bilerak egiteko baimena ematea adostu zuten eta LABIk neurri horiek berretsi zituen asteazkenean, baita etxeratze-agindua 01:30etara arte luzatzea ere, Gabon gauean eta Urtezahar gauean. Gainera, Gabonetako jaiek koronabirusaren pandemian duten eragina murrizteko, ez dute autonomien arteko mugikortasuna baimenduko, salbuespena abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra arte izango dira, familia berrelkartzea denean izan ezik, hau da, senideak edo gertukoak ohiko bizilekura joatea.
Akordioak nahitaez bete beharrekoak dira
Hala erabaki zuten Osasun Publikoaren Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan, eta Salvador Illa ministroak iragarri zuen akordioak nahitaez bete beharrekoak direla.
Akordio «zabala eta oso adostua» lortu zen erkidego eta Gobernuaren artean Lurralde Arteko Kontseiluan, nahiz eta, eboluzioaren arabera alda daitekeen. Gero LABIk baieztatu zuen. Madrilen eta Kataluniaren babesik gabe erkidego guztien babesa izan zuen akordioak. Osasun sailburu askok bat egin zuten testuarekin, baina euren lurraldeetan murriztaileagoak izango direla ohartarazi zuten.
Gehienez 10 pertsona ospakizunetan, bizikideak ez badira
Gabon, Eguberri, Urtezahar eta Urteberri ospakizunetarako neurrien dokumentuaren arabera, bilerek 10 pertsonako gehieneko muga izango dute, bizikideak ez badira behintzat, eta gomendio gisa ez dira bi bizikidetza-talde baino gehiagokoak izango, eta arreta eta zaintza berezia izan beharko da egoera ahulean dauden pertsonekin.
Hala, hasierako proposamenean bileren muga sei pertsonakoa zen bitartean, Osasun Sailak zenbait autonomia-erkidegoren eskaerei erantzun die, hala nola Kataluniari, Euskal Autonomia Erkidegoari, Madrilgo Erkidegoari eta Valentziako Erkidegoari; izan ere, neurri gehiago malgutzea proposatu dute, eta Gaztela eta Leoni, esaterako, neurriak gogortzearen alde egin dute. Bestalde, oporretara etxera itzultzen diren ikasleei interakzio sozialak mugatzea eta 10 egun lehenago prebentzio-neurriak zorroztea gomendatzen zaie.
Etxeratze-agindua 01:30etara arte luzatu da etxera itzultzeko ez gizarte-topaketetara joateko
Etxeratze aginduari dagokionez, Lurraldearteko Kontseiluak erabaki zuen 01:30ak arte malgutzea Gabon gauerako eta Urtezaharrerako, eta ez 01:00ak arte, hasiera batean Osasun Sailak proposatu bezala. Etxeratze-agindua luzatzea ohiko etxebizitzara itzultzeko bakarrik aplikatuko litzateke, eta inolaz ere ez gizarte-topaketetara joateko. Illa ministroak bide publikoan edatea eta jatea saihesteko agindua berretsi zuen, horretarako prestatutako leku batzuetan izan ezik.
Erabakiak osasuna nahi du babestu eta beste alde onak ere baditu
Osasunaren aldetik neurri hauek onak direla ezin da zalantzan jarri, baina familia osoa ez elkartzeak ekartzen dituen penak ere bere alde ona badute.
Hasteko bazkari eta afariak prestatzen lan gutxiago. Beti dago baten bat lan haundiena hartzen duena eta horrek jende gutxiagorentzat egin beharko du lan.
Mahai gainean plater gutxiago jarri beharko dira. Bidaian edo mugikortasunean ere aurreztuko da. Eta agian garrantzitsuena, familien arteko liskarrak eta eztabaida sutsuak ekidingo dira. Noski koinatu oro jakintsu horren jakituria ere agian aurten sahiestu dezakete askok.
«Hiru unitate familiar desberdinetako hamabost pertsona
inguru biltzen ginen eta aurten gehienez zortzi izango gara»
Goñi Iradi sendia Gabonetan, Urtezaharretan eta Errege Egunean elkartzen dira, baina aurten denak ezingo dira elkartu
bi taldetan banatuz. «Landetxetan elkartzen ginen azken urteetan eta orain bi unitate familiarretan bilduko gara».
Goñi Iradi sendia urtero elkartzen dira gabonetan, Gabon, Urtezahar eta Errege ospakizunetan, baina aurten planak eta antolatzeko era aldatu beharrean aurkitu dira murrizketen ondorioz. «Hamabost pertsona inguru biltzen gara, hiru unitate familiar desberdinetakoak eta aurten ez da posible izango. Berrantolatu egin behar izan dugu».
Beraz alde batetik bi unitate elkartuko dira eta hirugarrenak bere aldetik egingo ditu bazkari-afariak. «Honela ez gara hamarretik inoiz pasatzen. Zortzi elkartuko gara alde batetik eta beste bost edo sei bestetik. Horrela izan beharko du aurtengo gabonetan».
Familia askok gainera egun hauek etxetik kanpo ospatzen zituzten eta hori ere aldatu da. «Hasteko elkarteak itxita daude. Jende asko biltzen zen, batez ere Errege egunean, baina baita Eguberri gauean, Gabon egunean, Urtezahar gauean eta Urteberrian. Hori ez da posible izango. Errege egunean hogeirenbat izaten ginen gainera Txantxangorri elkartean. Orain burutik pasa ere ez zaigu egiten horrelako zerbait».
Kanpora bidaiatzen dutenak ere badira. «Gu urrutira ez, baina azken urteetan landetxe desberdinetara joan izan gara egun hauetan. Nafarroan asko daude Baztan, Malderrekan, Bortzirietan... eta mugikortasuna bertan behera geratu da erkidego desberdinen artean. Hori ere ez da posible izango. Gainera hor bi debeku elkartzen dira, aipaturiko erkidegoen arteko mugikortasun debekua eta hamar pertsonetik gora, unitate desberdinetakoak, ezin elkartzearena».
Datorren urtera arte, gutxienez, itxaron beharko dute berriz ere familia guztia elkartzeko.
«Gabon gauean 45 senide inguru elkartzen gara, baina aurten ezinezkoa izango da; bakoitzak bere etxekoekin ospatuko du»
Etxabe familiakoek gabon gau berezia izaten dute urtero; anai-arrebak, lehehengusuak eta lehengusinak, aiton-amonak eta guraso guztiak elkartzen dira Goiko-Lastola sagardotegian. «Egun polita izaten da, pena izango da aurten guztiok ez elkartzea».
Etxabe sendiak gogoz itxaroten ditu urte osoan abenduko egun hauek. Izan ere, familiako kide guztiak elkartzen dira baserrian, gabon gaua ospatzeko. «Normalean 45 inguru biltzen gara; lehen baserrian elkartzen ginen, baina gero eta gehiago garenez, sagardotegian egiten dugu orain», kontatu dute. «Baserriko sukaldean egiten genuen, baina familia haundituz doa eta Goiko-Lastolan elkartu gara azkenekoetan».
Afaria ez ezik, gabonetako giroan sartzeko eta motorrak berotzeko festa antolatzen dute baserrian Etxabetarrek. «Amaiak pelukak eta apaingarriak prestatzen ditu eta musikarekin giroa animatuz doa, afaltzen hasi aurretik».
Urtero ospatu ohi dituzte gabonak horrela, eta familia arteko «harremanak sendotzeko», asteburu pasak ere egiten dituzte. Azkeneko bi urteetan egin dute hori. «Aurreko urtean lehengusuak eta lehengusinak elkartu ginen Askizun, eta gurasoak igandean etorri ziren; egun politak izan ziren guztiontzat, ederki egon ginen elkarrekin».
Hala ere, aurten egoera ez da betikoa izango eta, beraz, Etxabetarrek planak aldatu behar izan dituzte. «Bakoitzak bere etxekoekin afalduko du aurten; egoerak horrela bultzatuta, hori erabaki dugu denon artean». Kontatu dute, «pena» dela horrela egin behar izana; «baina ia lehengusu guztiek umeak izan dituzte eta batzuk 8 kide dira etxean; hortaz, ezinezkoa da familiako bi etxetako senideak elkartzea ere».
Dena den, datorren gabonak betiko moduan ospatzea espero dute Etxabetarrek. «Aurten ezinezkoa izan bada ere, betiko moduan gogotsu elkartuko gara berriro egoera hobetzen denean!».