Olentzerok urteroko zitari eutsiko dio

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Olentzero Astigarragan Erribera kulturgunean egongo da.

Arano, Astigarraga, Ereñotzu, Goizueta eta Hernanira etorriko da, Mari Domingirekin batera, abenduaren 24an aurren gozamenerako opariak banatzera, baina kalejirarik egin gabe.

Ume askok galdetzen dute ea aurten Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak etorriko diren edo konfinatuta egongo diren Koronabirusaren eraginez. Lasai, aurten ere opariak banatzen ibiliko dira eta urtean zehar ongi portatu bazara zurea izango duzu. Ikatza ere prest dute badaezpada ere.
Hori bai, badakite ongi 2020a pandemiaren eraginez zein zaila izan den eta beraiek ere neurri artean ibiliko dira gurean. Hala ere, Olentzero eta Mari Domingi ezingo ditugu besarkatu, ez eta beste urtetan bezain beste beraiengana hurbildu. Kalejirarik ez da egingo, debekatuta daudelako eta tamalez Errege Magoek ez dute kabalgatarik ospatuko urtarrilaren 5ean. 

Atsegindegin Olentzero eta Mari Domingi ikusteko izena eman behar da
Covid-19ak bultzatutako egoera dela eta, Olentzero eta Mari Domingi ez dira Hernaniko Plazan egongo urtero moduan. Ttarla Dantza taldeak antolatzen du ekitaldia eta aurten neurri bereziak hartu dituzte ekitaldia aurrera eraman ahal izateko. 
Hau horrela, abenduaren 24ean Atsegindegin egongo dira eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara.
Bertan haurren gutunak jasoko dituzte eta urtero moduan opariak eta goxokiak banatuko zaizkie, bainan ezin izango da argazkirik atera egungo egoerak eskatzen dituen neurriak betetze aldera.
Haurren pilaketarik gerta ez dadin, bakoitzari ordu bat emango zaio mezu baten bitartez eta hitzartutako orduan azaldu beharko dute (mezu elektronikoa jasoko dute, adi egon zaitezte).

Biterin eman behar da izena abenduaren 18 edo 21ean, Olentzero ikusteko
Hernaniko Aratz eta Txirrita eskoletan bertan beteko dira izenemateak. Beraz, bi ikastetxe horietako ikasleek ordua bertan hartu beharko dute. Horretarako, ezinezkoa suertatzen bada ordu zehatz batean azaltzea, ikastolako irakasleari papera eskatu eta entregatu egin behar da. Abenduaren 16ra arte dago horretarako epea
Hernaniko beste ikastetxeetako eta bertako ikastetxeetatik kanpo ikasten duten haur hernaniarrek ordua Biterin eskatu dezakete. Horretarako bi egun jarri dira. Abenduaren 18an, ostiralean,  eta abenduaren 21ean, astelehenean, 18:00etatik 20:00etara hurbildu behar da Biterira.
Eskolek, Olentzerorekin, egiten dituzten ohiko kalejira guztiak bertan behera geratu dira ez da bat bera ere aterako Hernanin. Hori bai, ikastetxeetako geletan prestatu dituzte ekintzak Langilen eta Aratz ikastetxeetan esaterako. Azken honetan bideo bat grabatuko dute dantza eta abestiekin. Abenduaren 18an izango da hori, eta egun horretan bertan Plaza Berriko gaztain postura hurbilduko dira gaztainak erostera. Santo Tomas ospatzeko egiten duten eguna baliatuko dute horretarako.


Astigarragan, Erribera kulturgunean egongo dira eta gonbidapenak jaso behar dira astelehenetik ostiralera
Astigarragan, Xaguxar elkarteak antolatzen du Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Aldaketak egongo dira aurten eta kalejirarik gabe Erribera kulturgunean egongo dira, abenduaren 24an goizeko 10:00etan eta 11:30etan. Olentzero eta Mari Domingik gutunak, segurtasun neurri guztiekin, bertan jasoko dituzte. Beraz, astigartar umeak bertara hurbildu beharko dute.
Bertaratzeko gonbidapena behar da eta eskuragarri izango dira Erribera kulturguneko harreran abenduaren 14tik abenduaren 18ra arte. 
Jende pilaketak sahiesteko Olentzero eta Mari Domingi eserita kalean ibili gabe 
Goizuetan ere Olentzerok hiru bider egiten zuen kale buelta. Goizean Xalto eskolako guraso eta ikasleekin, Gurasoak elkarteak antolatuta; eta herrian barrena ibili ondoren, Plazan bukatzen zuen, salda hartu eta hamaiketakoa eginez. Aurten ez da bueltarik egongo. Hori bai, Olentzero eta Mari Do­mingiren etorrera eginen da. Frontoian elkartuko dira haurrekin, haien gutunak jaso eta goxokiak banatzeko.
Hernanin, Goizuetan bezala presoen aldeko manisfestazio eta kontzentrazioan Olentzeroa espetxeratua ateratzen da. Aurten zer egin oraindik erabakitzen ari dira. 

Errege kabalgatarik gabe Hernanin eta Goizuetan
Aurten egongo ez direnak gabonetan Errege kabalgatak dira. Bailaran, Goizuetan eta Hernanin antolatzen dira, baina ez ditugu Errege Magoak kaleetan zehar ikusiko. 
Berriak elkarteak, Hernanin, Erregeak eta Olentzero jarriko dituzte Kardaberaz kaleko egoitzan eta bertan gutunak entregatu daitezke. 
Hori bai, gauean ez ahaztu janari eta edaria Erregeei jartzea, nahiz eta kabalgatarik ez egon gauean zehar opariak jartzen ibiliko baitira.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!