«Gabonetako erosketak aurreratzea gomendatzen dugu, pilaketak saihesteko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00
Gabonetako erosketak lehenago egitea gomendatu dute, pilaketak ez egoteko.

Horrez gain, Berriak Elkarteak gabonetako opariak eta otorduetako produktuak herriko komertzioetan erostera animatu ditu herritarrak: «Hernanin denetarik erosteko aukera dago». 

Gabonak ate joka ditugu eta dagoeneko hasi dira motorrak berotzen Urumea Bailarako herritarrak. Etxetako balkoiak argiekin apaindu dituzte eta eguna iluntzen duenean, etxe barruko argia piztuta dagoenean, leihoen atzean ikusi daitezke gabonetako pinuak, apaingarriz beteta. Horrez gain, jendea ere ikusten da herriko denden erakusleihoetan, Olentzerori eta Mari Domingiri zer eskatuko dioten erabakitzen. Batzuek arropa eskatuko diote: pijama berriren bat, hotza ez pasatzeko txamarra lodia, edo bestelako jantziren bat, armairua berritzeko. Beste batzuek, berriz, maindireak eskatuko dituzte, liburuak,  bitxiak, edo jostailuak, etxekoekin jolasteko.


Oparia edozein dela ere, abenduaren 25eko goiza berezia izango da herritar guztientzat.  Izan ere, Olentzerok eta Maridomingik utzitako opariak irekitzea pozgarria izaten da urtero. Baina aurten egoera ezberdina denez, jende pilaketak saihesteko, erosketak aurrez egitea gomendatu dute. «Helburua da dendetan eta komertzioetan pilaketak saihestea, hori delako arriskurik haundiena», esan dute Berriak elkarteko kideek. Ziurrenik, dagoneneko askok erosiko zituzten opariak, ostiral beltza eta bestelako deskontu egunak aprobetxatuz. Hala ere, oraindik aukera dago beherapenak eskuratzeko eta opariak merkeago erosteko. Hernanin, adibidez, deskontu bonoen kanpaina martxan jarri zen asteazkenean, eta urtarrila arte eskuratu ahal izango dira txarteltxoak. Horrela, gustukoen dituzten artikuluak eskuratzeaz gain, aurrekontua estutzeko aukera izango dute herritarrek. Gainera, bono horiekin herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreak biziberritzea eta tokiko garapen ekonomikoa bultzatzea lortuko da, eta herritarrek dituzten erosteko ohituretan eragingo da, herriko dendetan erostera animatuko direlako.

«Zer oparitu ez badakizu opari-txartela egin daiteke herriko komertzioetan; horrela, Olentzerok bete-betean asmatuko du»


Horrela bada, erosketak aurretik egiteak abantaila ugari izango ditu eta mesedea egingo dio egun bizi dugun pandemiaren egoerari: jende pilaketak saihestuko dira, opariak eta otorduetako produktuak merkeago erosiko dira eta ez gara oparirik gabe geratuko, azken orduan erosi ez direlako. Horregatik aurreratu du Kronikak gabonetako ale berezia, hain justu ere: 2020garren urtea berezia delako eta sektore guztiek gabonetako enkarguak aste batzuk  lehenago egitea gomendatu dutelako. Beraz, adituek diotenez, erosketak egiteko momenturik onena datorren aste hau da, abenduko egun seinalatu horietan ezbeharrik ez gertatzeko. 

Produktu freskoak, enkarguz
Aipatu moduan, Berriak elkarteak gomendatzen du erosketa guztiak aldez aurretik egitea. «Opariez gain, otorduetako produktuak ere lehenago enkargatzea komeni da. Hemendik egun gutxitara prezioak igoko dira eta garestiago egongo dira itsaskia, arraina eta haragia, adibidez». Beraz, gomendio bat horixe da, dendara deitu eta afarirako edo bazkarirako zer nahi dugun eskatzea. Horrela ziurtatuko dugu ez garela nahi dugun hori gabe geratuko eta, gainera, ziurrenik merkeago egingo dugula erosketa, lehenago deitzeagatik eta enkargatzeagatik.


Horretarako, noski, zerrenda bat egitea ere komeni da. «Aldez aurretik zer erosiko den pentsatzea gomendatzen da eta, ondoren, dendara joatea eta zuzenean dendariari adieraztea zer erosi nahi den. Modu horretan, saihestuko da dendan denbora luzez egotea eta erosketak errazago egitea», aipatu dute Berriakeko kideek. Horren harira, ideia ona da Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna idaztea eta herritar bakoitzak bertan esatea zer jasotzea gustatuko litzaioken. Jakingo duzuenez, Olentzerok eta Mari Domingik lan haundia izaten dute gabon gauean, eta lana erraztea komeni da. Urte osoa ematen du lanean, herritar guztien desirak betetzeko asmoarekin. Hortaz, laguntza hori asko eskertuko du. 

Herrian denetarik erosi daiteke
Teknologia, arropa, jostailuak, bitxiak... denetarik aurkitu daiteke Urumea Bailarako dendetan. «Abantaila ugari ditu herrian erosteak», esan dute Berriak elkartekoek. «Autoa hartu gabe eta lasai ibilita, herriko dendetan denetarik aurkitu daiteke». Halaber, komertzio lokala sustatzeko modua ere bada hori. Herriko dendek beraien aldetik jarri dituzte deskontu bonuak, txartel bereziak eta beherapenak egiteko. Beraz, bultzada emateko balioko du, udalerriko saltokietan erosteak. 


Aurrekoari helduz, askok ez dute jakingo oraindik Olentzerori eta Mari Domingiri zer eskatu. «Hernaniko komertzioetan opari-txartelak eskuratu daitezke. Horrela, Olentzerok eta Mari Domingik bete-betean asmatuko dute». Hori egiteko, dendariari esan behar zaio zenbateko aurrekontua dagoen, eta prezio horretan egingo dio txartela. «Oso ponpoxo jartzen dute eta ideia ona da, askotan zaila izaten delako zer oparitu jakitea», kontatu dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!