Gabonetan, kaleak janzten dituzten erakusleiho ikusgarriak aurkitu daitezke, bailaran zehar

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Gabonak datozela antzematen da, Hernaniko komertzioen erakusleihoetako kolore eta apaingarriek hala erakusten dute.

Gaur egun, Urumea bailaran badira urtero gabonetan etxea goitik behera apaintzen duten hamaika familia, horrez gain, herriko kaleei ikusgarritasuna ematen dieten hainbat erakusleiho ere badaude. 

Gabonetan etxea apaintzeko ohitura izaten da, etxeko txokoak hainbat koloretako argiz betetzen dira, apaingarri ugari jartzen dira, etxe barruan zein kanpoan edo denden erakusleihoetan, eta  gabonetako zuhaitzak ere etxe askotan ez du hutsik egiten. Batzuek betiko pinua aukeratzen dute eta etxeko guztien artean jartzen dizkiote bolatxoak. Beste batzuek, berriz, originalak izatea nahiago dute, eta imajinazio haundiarekin apaintzen dute zuhaitza. Horrez gain, herritar askok etxeko sarreran jaiotza jartzen dute urtero. Goroldioa bildu eta piezekin irudikatzen dute Jesusen jaiotza. Bertan kokatzen dituzte errege magoak eta Olentzero, eta argitxo batzuk jartzen dizkiote inguruan, gabon giroan goxoago sartzeko asmotan.   


Esan bezala, hamaika aukera daude gabon giroan sartzeko eta etxea apaintzeko. Estilo tradizionala gustatzen zaienek, gabon klasikoarekin zerikusia duten koloreak aukeratzen dituzte; alegia, txuria, gorria eta berdea, gehienbat. Gabonak zertxobait modernoagoak egin nahi dituztenek, aldiz, kolore leunak, berde naturala edota estilo nordikoarekin antzekotasuna duten piezak aukeratzen dituzte pinua apaintzeko. Horrez gain, batzuei gustatzen zaie zuhaitza apaintzea kolore biziez, urrearekin, zilarrarekin eta tertziopeloarekin. Eta azkenik, badira pinua bolatxoekin apaindu ordez, bestelako irudiekin edo panpinekin apaintzeko hautua egiten dutenak. 

 


Esanak esan, aipatzekoak dira hemen Urumea Bailaran urtero erakusleihoa apaingarriz jartzen dituzten denda eta komertzioak. 

Hernanin, hamaika erakuslehio ikusgarri eta berezi 
Hamaika erakusleiho aurkitu daitezke bailaran zehar, bakoitzaren ukitu pertsonalarekin. Batzuk, originalak dira, beste batzuk sortzaileak, kaleko zein etxeko materialarekin egindakoak ere badaude. Eta tarteka badago baten bat, aldarrikapena sustatzen duena.   

 

Antzinako Egiptotik, Urumea bailarara

Aspalditik datorren kontua da gabonetan etxea apaintzea eta argiz betetzea. Antzinako Egipton hasi zen tradizioa hau eta jarraipena izan du gaur egun arte, hain justu. 

Gabonetako apaingarriak, nondik datoz? 
Gabonetako apaingarri kontu hau, antzinako Egiptotik dator, izan ere, neguko solstizioan hainbat landare hartu eta etxera eramaten zituzten. Kolore berdea, esperantzaren ikurra zen, eta horrez gain, gau hotz eta luzeen erosotasunaren sinboloa zela ere esaten zuten. Eguzkiaren jainkoa zen Ra, eta hark zituen gaixotasunak naturak sendatzen zizkiola esaten da. Hori horrela, egipziarrek, solstizioa bizitzako sinbolo gisa hartzen zuten. 


XVI.mendean, eliza alemanetan eskaintzen ziren antzerkietan, Adan eta Evaren pasadizoa irudikatzen zituzten zuhaitzak agertzen ziren. Eta hauek apaintzeko eta sinbolismoa emateko, fruta eta intxaurrak gehitu zitzaizkien. Denboraren poderioz, kristauek, zuhaitz hauek etxean sartu zituzten, apaindu eta Jesusen jaiotza ospatzen zuten gabonetan. 


Mende hauen tartean, bazen Luterori buruzko elezahar bat. Elezahar honek zioen, Lutero etxera bidean zihoala, izar iheskor bat ikusi zuela zeruan. Lutero hunkiturik, bere etxe barruan ere ikusitako dizdira hori irudikatu nahi zuen. Hori horrela, etxe ondoko lorategitik zuhaitza moztu, eta kandela txikiak gehitu zizkion, izar iheskorra irudikatzeko asmotan.

XIX.mendea eta argiak
Gabonetako argiztapen eta dekorazioaren historia, ez litzateke berdina izango Thomas Edison eta Edward H. Johnsonen ekarpenik gabe. Edisonen lagunak, Edwarrek, gabonetako zuhaitzak are ikusgarriagoak egiteko aukera bat ikusi zuen, eta 1882an, soka baten bidez, 80 argi gorri, zuri eta urdin batu zituen, gabonetako zuhaitzaren inguruan jartzeko. 
Ia 40 urte ondoren, 1923an, bonbilak modu ofizialean erabili ziren lehen aldiz zuhaitz bat apaintzeko. Guztira, 21 mende daramatza gizarteak, gabonetan zuhaitzak jartzen. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!