Animatu Olentzero eta Mari Domingi etxean egitera, eta parte hartu Kronikaren lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Etxean eduki daitezkeen materialekin egindako Olentzero.

Abenduaren 24ra arte dago panpinen argazkiak bidaltzeko aukera. Baloratuko dira originaltasuna, sormena eta etxeko edo birziklatutako materialekin egindakoak izatea.

Gabonetan sartzear gauden honetan, etxea apaintzeko gogoa izaten da, zuhaitza ipiniz, argi ezberdinekin etxeari argia emanez... Beste hainbatek, Olentzero  edo Mari Domingi jartzen dute etxeko sarreran, otarra, sagardo botila eta Kronika eskuetan duela.  Askok eskuz sortzen dute, etxean aspalditik hautsez beteta dauden trapu zahar horiek aprobetxatuz. Esanak esan, hamaika modu daude gabon giroan sartzeko eta Olentzero edo Mari Domingirekin etxea apaintzeko. Hori horrela, Kronikak lehiaketa jarri du abian, eta saria eramango du Olentzero edo Mari Domingi originalenak. Biak elkarrekin ere egin daitezke, ez du zertan panpin bakarra izan behar. 
Oinarria da familian, lagunartean edo bakarka, nahi moduan, Olentzeroren edo Mari Domingiren panpina egitea. Sor­mena aske utzi eta nahi den moduan  egin daiteke, ondo pasatzea de­lako helburu nagusia. Ez dago arau finkorik; alegia, tamaina edo material zehatzik. Erabili daitezke mota askotako arropak, trapu zaharrak, plastikozko botilak, birziklatutako papera,  lastoa, plastilina edo zuhaitzetatik erortzen diren hostoak. Hitz gutxitan, gakoa da imajinazioa martxan jartzea.  Gogoratu Olentzerok eta Mari Domingik dituzten ezaugarri nagusiekin: txapela, otarra, xextoa, sorgin-txapela, eta abar. Noski, osagarriak ere aldatu daitezke, proposamen berriak aurkezteko; norberak gustuko duen eskulana egitea da Kronikak antolatu duen lehiaketaren xedea. 


Abenduaren 24a, argazkiak bidaltzeko epemuga
Gaurtik hasita abenduaren 24ra arte dago aukera Olentzero edo Mari Domingiren panpinen argazkiak bidaltzeko. Egin beharrekoa da panpina sortu,  argazkia atera eta Kronikako emailera bidali: kronika@kronika.eus. Esan bezala, ez dago araurik, baina baloratuko da originaltasuna, sormena eta etxeko edo birziklatutako materialekin egindako panpina izatea. 


Parte hartzen duten herritar guztien artean sarituko da Latxe aldizkariaren sorta bat eta urte osorako Kronikalari izatearen bazkidetza bat. Hori horrela izanik, gertatu liteke irabazlea dagoeneko Kronikalari izatea. Hori gertatzen bada, Kronikak datorren urteko bazkidetza ordainduko dio pertsona horri. Beraz, 2021garren urtean ez du kuota ordaindu beharko.

Hainbat aholku, panpinaren eskulana egiteko
Lehenik eta behin, komeni da Olentzero, Mari Domingi edo biak egingo diren erabakitzea. Ondoren, irudikatu behar da ea panpinaren nondik norakoa zein izango den. Horretarako, hainbat iturri kontsultatu daitezke: pertsonai horien argazkiak, ipuinetako irudiak, edota filmetako karakterizazioak. Edo,­ bestela, norberak sortu dezake bere panpin propioa, inolako erreferentziarik gabe. Gero, materiala bildu beharko da. Gogoratu birziklatutako edo berrerabilitako materialarekin egin diren panpinak baloratuko direla. Eta, azkenik, lagunekin, familiakoekin edo nahi den konpainiarekin bildu eta martxan jartzeko unea helduko da, ondo pasatzekoa. Noski, gogoan izan, eskulana amaitzen duzuenean, argazkia Kronikari bidali behar diozuela.


Olentzero egin daiteke astoa alboan duela, eserita, zutik, abere guztiekin, opariekin... nahi den eran. Bere aldetik, Mari Domingi ere horrelaxe egin daiteke.   Eta denbora dutenek, biak ere egin ditzakete, eta bi pertsonaien argazkia bidali. 


Modu horretan, panpin horiek etxean dituzten herritarrek poztasuna emango diete Olentzero eta Mari Domingiri, abenduaren 24an opariak uztera Urumea Bailarako etxe guztietara joaten direnean. Gainera, urte arraroa izan da aurtengoa eta entretenitzeko aukera ematen dute horrelako dinamikek. 
Beraz, parte hartzera animatzen zaituztegu Kronikako langile guztiek, ziur ondo pasako duzue eta!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!