Aspertzeko astirik ez, Urumea Bailaran antolatu diren tailerrekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Joan den urtean sormen tailerra egin zuten Uxue Bereziartua hernaniarrarekin.

Askotariko gaiak landuko dira Hernanin eta Astigarragan prestatu dituzten ikastaroetan: tatuaje diseinua, parkourra, orientazioa, artisau-jaboiak, argazkilaritza edota arteterapia. Abenduan eta urtarrilean egingo dira, eta aurretik izena eman behar da, tailer bakoitza antolatu duen Udalaren edo elkartearen plataforman. 

Urtea ezin hobe amaitzeko Hernaniko eta Astigarragako udalek hainbat ikastaro antolatu dituzte herritar guztientzat. Abenduan eta urtarrilean egingo dira eta aforoa mugatua denez, aldez aurretik izena eman behar da. Gainera, bi herrietako gaztelekuetan ere egongo da zeregina egun hauetan. Bere aldetik, Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak ere prestatu du abendurako plangintza, eta hamaika dinamikarekin agurtuko du urtea. Euskal zumba edota buruarinen tailerra egingo dituzte, eta ipuin-kontalariarekin hitzordua ere jarri dute. Beraz, ez da aspertzeko astirik izango hilabete horietan. 


Hernaniko tailerrak zertxobait beranduago hasiko dira, abenduaren 28an. Astigarragan, berriz, dagoeneko egin dute argazkilaritza ikastaroa, eta beste hainbat egingo dituzte abenduaren 17tik aurrera.  

 

Arteterapia eta eskulanak, Astigarragan 
Abenduaren 9an eta 10ean argazkilaritza tailerra izan zen Astigarragan, Alfredo Ruizekin. Hurrengoa, eskulanen ikastaroa izango da, hilak 17an. Doakoa da eta aurretik izena eman behar da zilegieskola@aek.eus edo Erribera kulturgunean. Goizeko 09:30ean izango da eta Itziar Ruizek gidatuko du saioa. Horrez gain, arteterapia ikastaroa ere izango da abenduaren 19an, Kontxaenean. Hori ere doakoa da eta izena eman behar da aztifemiak@gmail.com helbidean. 


Bestalde, Apeztegi plazan ohe elastikoak jarriko dituzte abenduaren 28an, 29an eta 30ean. Horretarako, txartelak aurrez hartu behar dira Erribera kulturgunean, astelehenetik aurrera. Egitasmo hau ere doakoa da, eta bi txandatan egingo da: goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean eta arratsaldez, 16:30etatik 20:00etara.  


Gaztelekuak antolatu dituen ekintzei dagokienez, abenduaren 19an Santo Tomas eguna ospatuko dute eta hurrengo egunean xake topaketa izango da. Halaber, hilak 23an hi selfie joko dibertigarrian arituko dira herrian barrena, zumba ikastaroa izango dute abenduaren 27an eta urtea borobiltzeko, kamisetak kustomizatuko dituzte hilak 30ean. 

 

Bost ikastaro Hernanin, abenduan eta urtarrilean
Guztira 5 tailer antolatu ditu Hernaniko Udalak, herriko hainbat gazteekin elkarlanean. Nerabeentzat zuzendutako ikastaroak dira, 12 eta 17 urte bitartekoentzat. Batzuk abenduan egingo dira eta beste batzuk, berriz, urtarrilean. Saio guztiak doakoak dira, baina aforoa mugatua da eta, beraz, aurrez izena eman behar da. Ikastaro guztietan izenematea abenduaren 16an amaituko da, hau da, datorren asteazkenean. Interesa duenek hauxe dute apuntatzeko esteka https://linktr.ee/hgazteria. 


Abenduaren 28an, 29an, 30ean eta urtarrilaren 4an eta 5ean tatuaje diseinu tailerra izango da Iñaki Urruzolarekin. Goizeko 11:00etatik 12:30etara bitartean izango da, eta tatuajeak nola diseinatu ikasiko dute bertan. Egun horietan ere parkour ikastaroa izango da, Raul Mihairekin, arratsaldeko 17:00etatik 18:00era bitartean.


Antolatu duten beste dinamika bat orientazioko tailerra da. Hilak 28an eta 29an egingo da, Patri Espinarrekin, goizeko 09:30etatik 12:30etara bitartean. Bestalde, argazkilaritza gustuko duten horientzat, Nagore Legarretak argazki kamera tailerra egingo da. Hori bi egunetan izango da: urtarrilaren 4an 16:00etatik 18:30etara bitartean; eta abenduaren 5ean, berriz, goizeko 10:00etatik eguerdiko 12:30etara. 


Azkenik, Ana Velez hernaniarrak artisau-jaboiak nola egin ikasteko ikastaroa emango du. Abenduaren 30ean izango da, 10:00etatik 13:00etara bitartean. 
Aipatu moduan, gaztelekuak ere plangintza zabala antolatu du abendurako. Asko dira prestatu dituzten ekintzak, baina tailerrak eta irteerak hauexek dira: batetik, serigrafia tailerra, abenduaren 18an; bestetik, Txuri Urdinera irteera, abenduaren 23an; eta, azkenik, scape-room saioa Donostian, hilak 29an. 

 

Doberak ere jarduerak egingo ditu gabonetan
Hainbat aukera eskaini ditu Dobera Euskara Elkarteak abendurako. Buruarinen tailerra, euskal zumba, ipuin kontaketa, eskulanen tailerra eta Saharako elkartearen eskutik, bertako musikarekin gozatzeko eta instrumentuak ezagutzeko aukera izango da. Egunak zehaztu gabe badaude ere, datozen egunetan emango dute horren berri. Izenematea ere zabalik egongo da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!