Urtea amaitzeko Aizkorri eta urte berriari ongi etorria emateko, Adarra

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Urtero, urtea ondo hasteko asmoz, askok Adarra igotzeko aukera hautatzen dute. Argazkia: Mendiriz Mendi.

Bizitako pandemiaren eraginez, hazi egin da mendiko afizioa. Hala ere aspalditik datorren kontua da gailurrak igotzearen ohitura, urtea agurtzeko zein berriari ongi etorria emateko. Eta Urumea bailaran badira, beste hainbat ibilbide, gabonetako oporretan egin daitezkeenak, hain justu. 

Urte berri egunean, ohitura izan ohi da Adarra puntara igo eta bertan, Andoaingo Eus­kal­du­na Mendigoizale Taldeak prestatutako hamaiketakoaz gozatzea, jaitsialdia indarberrituta egiteko. Hala ere, aurten bizi dugun pandemia honek, hainbat aldaketa ekarri ditu gure egunerokotasunean, eta mendian ere halaxe gertatu da. 


Izan ere, Andoaingo Euskalduna Mendigoizale Taldea, aurten ez da Adarran egongo, egoerak hala behartuta, eta honakoa jakinarazi dute, «ezin izango dugu urtarrilaren 1ean Adarrako saldarekin urte berria ospatu». Adarrako ekintza ez ezik, beste hainbat irteera eta paseo ere bertan behera utzi dituzte, esaterako «Aste Santuetako bidaia, eta beste hainbat ibilaldi».

 

Adarrara urtarrilaren 1ean
XX.mende hasieran, Fortuna Do­nos­tia­rra­ko mendizale tal­de batek urteberri egunean Ada­rra­ra igotzeko ohitura hartu zuen, eta 1924. urtean antolatu zu­ten lehen aldiz urteberriko Ada­rra­ko mendi irteera. Orduz geroztik,  urtero bailarako he­rri­tar askok horretarako erre­ser­ba­tu­ta daukate urtarrilaren 1a, Adarrara igo, tontorrean hamaiketa ko eder batez gozatu, eta urtea indarrez hasteko asmoarekin. 


Lehen aldiz, 1924garren urtean egin zen irteera hau, bai­na ohitura honen jaiotza data ze­ha­tza ezezaguna da.  Ekimenaren lehenengo ha­mar­ka­de­tan meza ere izaten zen gailurrera iritsi orduko, Ba­len­txi apaizaren eskutik, bai­na dagoeneko ohitura hori goi­ze­ko hamaiketako brindisak eta hamaiketakoak or­dez­ka­tu du.

«Ezingo dugu urtarrilaren 1ean Adarrako saldarekin urte berria ospatu»


Baina aurten tamalez, urtero egiten den usadio hau, hurrengo urterako uztea erabaki du Andoaingo Euskalduna Mendigoizale Taldeak, «herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz». 


Aizkorrira, urtea amaitzeko
Batzuk urtea ederki hasten dute, beste batzuk ordea ezin hobeto amaitu. Izan ere, beste ohitura bat izaten da abenduaren 31n, Aizkorrira igotzea. Adarra baino altuagoa da Arantzazu inguruko mendi hau, 1523 metrokoa hain zuzen. Hemen ere, mendizaleek goiz igotzen dute gailurra, hamaiketakoa Urbian egiteko. Urumea Bailarako herritar asko izaten dira urte amaieran, Aizkorrin. Bizi dugun egoerak gainera, neurriak ekarri ditu mugikortasunari dagokionez, eta kasu honetan, Aizkorrira igotzeko, Arantzazutik egitea gomendatzen da. 


 Urtea amaitzeko eta hasteko modu ezberdinak daude, hala ere, gabonetako oporrak, mendi bueltak egiteko aprobetxatu daitekeela azaldu du Mendiriz Mendi Elkarteak. «Bide politak dauzkagu, Hernanitik oinez aterata ere. Eta Urumea inguruan baditugu igotzeko makina bat mendi, hala nola, Buruntza, Urdaburu eta Onddi... eta mendi hauen inguruetan dauden ibilbide lasai eta eder ugari ere badaude. Bizi dugun egoera honetan ez da gauza xamurra, musukoarekin mendira joatea. baina tira, ez dago beste irtenbiderik». 

Zuri-zuri, Adarra 
Astebete baino zertxobait gehiago falta da neguan sartzeko, baina jadanik bota zuen lehen elurtea, abenduaren 5eko asteburuan, eta bailarako hainbat mendi zuriz jantzi ziren. Izan ere, pasa den astean, 500 metrora elurra egin zezakeela iragarrita zegoen, eta halaxe gertatu zen. 

«Zuri-zuri zegoen Adarra mendia, pasa den asteburuan»


Euskalmetek alerta horia iragarri zuen,  EAEra Atlantikoko borraska zabal eta sakon bat iritsiko zelako, «Artikoko aire hotza dakarrena» hain zuzen, eta, ondorioz, denboraldiko lehenengo negu giroa izan genuen pasa den asteburuan. Kostaldeko olatu haundiez gain, tenperaturek behera egin zuten nabarmen, prezipitazioak ugaritu ziren, kazkabar ekaitzak ere eta haize gogorra ibili zen. 

Honelako eguraldiekin, Jaurlaritzak gomendioak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbat arratsaldean eta igandean mendirako irteerak saihestea gomendatu zuen, batez ere 700-800 metrotik gorako altueretan. Izan ere, egoera meteorologikoa «oso desatsegina izango zela» ziurtatu zuen, «haizea, giro hotza eta elur itxurako prezipitazioak izango zirela» argudiatuz. Gainera gehitu zuen, «tontorrean kantitate esanguratsuak pilatzeko aukera ere bazegoela, eta arriskutsu izan zitekeela mendira joatea». 


Hala ere, pasa den asteburuan Urumea bailarako hainbat herritarrek elurtea eta asteburua aprobetxatu zuten, mendia igotzeko, trineoan ibiltzeko edo etxeko txikiekin elur panpinak egiteko.

 

 

Mendiko afizioarekin batera igo da zabor kopurua

Azken urte honetan izandako pandemiak harreman sozialak mugatu ditu, beste hainbat neurri murritzaileen artean. Horrek, mendiko afizioa haunditzea eragin du, eta mendietako zabor kopurua nabarmen haunditu da. Honen harira, Mendiriz Mendik, herritarrei dei egin die, mendira joatean, etxetik poltsa bat eramateko eta ikusten duten zaborra biltzeko. 


Aspalditik izan da ohitura Euskal Herrian, eta munduko beste hainbat txokotan, mendi buelta bat egin, eta ondoren bapo bazkaltzea. Hala ere, martxoan etorri zen pandemiaz geroztik, nabaria izan da, mendiko afizioa areagotu egin dela, eta honekin batera, haunditu egin da mendian pilatzen den zabor kopurua. 


Orain arte pilatzen zen zaborra mendietan, baina ez orain moduan. Nabaria da, zabor gehiago dagoela aurten mendietan, pasa den urtearekin alderatuz. 
Mota askotako zaborra aurkitu daiteke, hala nola, maskarilak, tabako paketeak, latak, plastikoak, paperak, eta beste hainbeste. 

Herriaren laguntza 
Zaborrarekin gertatzen ari den arazo hau konpontze aldera, Mendiriz Mendi elkarteak, «bilketa bolondres kanpaina» bat jarri du abian. Hau da, «bakoitzak etxetik, poltsa bat eraman dezala mendira, eta ikusten duen zaborra etxetik ekarritako poltsa horretan sartu dezake. Eta ondoren, bildutako zabor guzti hori, dagokion zakar ontzira bota». 


Mendiriz Mendik azaldu du, herritarren laguntza beharrezkoa dela «mendiak txukun eta garbi mantentzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!