Liburutegi ibiltariak bisitatuko ditu gaur Aranoko eta Goizuetako herritarrak

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 11a, 00:00

Harkaitz Delgado liburuzaina, Aranoko herritarrekin.

Goizuetan ordubeteko geldialdia eginen du, 14:30etatik 15:30etara bitartean. Aranon, berriz, ordu erdi egonen da, 16:00etatik aurrera.

Azaroko hitzorduak bertan be­hera gelditu behar izan zuen. Hala ere, Harkaitz Delgado Leitzako liburutegiko liburuzainak ez du hutsik eginen abenduan; Goizuetako eta Aranoko herritarrak gaur bisitatuko ditu. Lehenik, goizuetarrengana hurbilduko da eguerdiko 14:30etan, eta ordubeteko geldialdia eginen du. Ondoren, Aranora abiatuko da eta arratsaldeko 16:00etan helduko da bertara; kasu horretan, berriz, ordu erdi egonen da aranoarrekin.


Leitzatik abiatuko da haurrentzako zein helduentzako liburuekin, eta geldialdia eginen du bi herri horietan. Autoko maleteroa ireki, kaxak atera, eta eskaintza zabala eginen die aranoarrei eta goizuetarrei. Liburuez gain, aukera dago pelikulak ere mailegatzeko. Hori horrela, aurretik hartutakoak bueltatzeko eta berriak hartu ahal izanen dituzte liburutegi ibiltariaren bisitara gerturatzen diren herritar guztiek.


Horrez gain, interesa dutenek, liburutegiko bazkide egiteko aukera izanen dute. Liburuzainari asmoa adierazi eta bertan eginen du tramitea, Liburutegi Ibiltaria herrian dagoen bitartean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!